Hiriko saltokietako airearen kalitatea egokia da, ikerketa baten arabera

Donostiako hogei saltokietako airearen kalitatearen inguruko ikerketa bat egin dute Donostiako Udalak, San Sebastian Shops-ek eta Kursaal taldeak. Ikerketa horren arabera, saltokietako airea egokia da herritarrek erosketak segurtasunez egin ahal izateko.
Koronabirusaren eraginez, saltokietako airearen kalitateak kezka sortu du. Kutsatzeak saihesteko ezinbestekoa da espazio itxietan airearen kalitatea egokia izatea. Airearen bidez transmititzen den partikula kutsatzailea bereziki CO2 da, pertsonen arnasketaren ondorioz. Hori aintzat hartuta, hiriko saltokietako CO2aren maila ezagutzeko neurketak egin dituzte.
Erdialdeko eta Amara Berriko hogei saltokitan egin dute ikerketa. Parte hartu duten merkatarien mota askotarikoa dela azpimarratu dute ikerketa egin dutenek. Dendarien partetik lokalak aireztatuta mantentzeko borondatea dagoela egiaztatu dute, eta horren, ingurune osasuntsua bultzatzen duela diote. Otsailean 24 ordu monitorizatu dira aipaturiko establezimenduak, zehaztasunez ezagutzeko CO2 kopurua. Haririk gabeko zundak jarri zituzten, hamar minuturo datuak jasotzeko NEOS plataforma digitalean.
Hiru maila
Saltokietako airearen kalitatea neurtzeko hiru CO2 maila ezarri zituzten: baxua (800 ppm-tik beherakoa), bitartekoa (800 eta 1.500 ppm-ren artekoa) eta altua (1.500 ppm-tik gorakoa). Ikerketaren arabera, lan orduetan, ikertutako lokal guztiak 800 ppm-ren azpitik zeuden. Horrek airearen kalitatea zein aireztapena egokia dela esan nahi du. Merkataritzako edukiera mugatu izanaren eta atea zabalik egotearen emaitza da.