249. greba eguna dute Gipuzkoako erresidentzietako langileek
Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek 249. greba eguna izan dute gaur, “hitzarmen duin bat” eskatzeko. Hau dela eta, mobilizazio bateratua egin dute Erdialdeko kaleetan ELAk, LABek, Gipuzkoako Senideek eta Irauli Zaintzak, langileen lan baldintza duinak eta zerbitzuaren hobekuntza aldarrikatzeko.
LABen arabera, egoera “larri” honen errudun nagusiak egoitzak kudeatzen dituzten enpresa pribatuak eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira: “Egoitzak kudeatzen dituzten enpresa pribatuek gipuzkoar guztien diruarekin irabaziak dituzte egoiliarrek jasotzen duten arreta behar bezalakoa ez den bitartean. Aldi berean, sektorearen ardura duen Gipuzkoako Foru Aldundiak beste alde batera begiratzen du. Noiz arte jasan behar dute egoiliarre eta langileek bidegabekeria hau?”.
Bestalde, langileak “lan karga handia” jasaten ari direla adierazi du sindikatu abertzaleak, eta erritmoak ere oso altuak direla gehitu dute: “Azken finean, lanera joateagatik gaixotzen dira langileak, eta errealitate hau aldatzeko garaia dela uste dugu”, dio LABek.
Azkenik, LABek garbi utzi du sektorea publifikatzeko garaia dela, baita ratioak egoitzetan dagoen benetako lan kargara egokitzeko ere: “Gaur egun dagoen sistema goitik behera aldatu beharra dago”.
ELAk, bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko politikarien jarrera salatu du. Izan ere, Maite Peñak, Gipuzkoako Gizarte Politiketako diputatuak, egoiliarren atentzio ratioa %10era igo zela adierazi zuen, baina sindikatuek azpimarratu zuten igoera hori ez zela langile gehiago kontratatu zituztelako izan, 450 ohe inguru hutsik utzi zituztelako baizik. Hau dela eta, “Maite Peña, gezurtera” eta “Markel Olano, gezurtero” moduko esaldiak oihukatu dituzte gaurko mobilizazioan.