Dbusek pandemiak eragindako kalteei aurre egitea lortu du
Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak eta Igor Gonzalez Dbuseko zuzendariak Dbus autobus konpainiaren 2020ko memoria aurkeztu dute. Pandemiak garraio publikoa ere kaltetu du, bereziki erabiltzaile kopurua nabarmen jaitsi delako. Horrela ere, urte zailari aurre egitea lortu dutela esan dute. Dbizi sistema berritua abian jartzea eta autobus-flotaren berrikuntza azpimarratu dituzte.
Iazko Dbusen eskaria %60,20koa izan zen; autobus bidaiak 17.818.043 izan ziren, eta 2019an 29.583.538 bidaia erregistratu ziren. Horrela ere, beste hiri batzuekin konparatuta bidaiari kopuruaren jaitsiera txikiagoa izan dela adierazi dute.
“Konpainian lan egiten duten langile guztien konpromisoari, ahaleginari eta malgutasunari esker, zerbitzu segurua, kalitatezkoa eta erakundeek ezarritako aldaketetara eta jarraibideetara egokitua eskaini da”, azpimarratu du Dbusek.
Dbuse egunez egun garbiketa eta segurtasun protokoloak betetzen ari da, kalitatezko zerbitzua eskaintzen jarraitu ahal izateko eta erabiltzaileen konfiantza berreskuratzeko. “Horiek dira egungo testuinguruan konpainian dituen helburu nagusiak”, adierazi dute.
Memoria osorik Dbusen webgunean irakur daiteke, eta ondorengo puntuetan dago banatuta: 2020ko bidaien gaineko datuak eta eskariaren berreskurapena COVID-19ari aurre egiteko etengabeko egokitzapena; Dbizi zerbitzua martxan jartzea; Flotaren berrikuntza garrantzitsua; Energiaren Kudeaketaren AENORen ISO 50001 ziurtagiria eskuratzea; Dbusen aplikazio ofiziala, sare sozialak eta webgunea; Pasa den urtean abian jarritako neurriak eta jarduerak; eta Berdintasun Politika.