Ignacio Zubimendi zendu da, Easo Saskibaloi Taldeko kide izandakoa
Ignacio Zubimendik urte asko eman zituen Easo Saskibaloi Taldean (EST) lanean, entrenatzaile edo ordezkari gisa. Klubak atzo arratsaldean adierazi zuen Zubimendiren heriotza, eta urte guzti hauetan egindako lana eskertu diote: “ESTko alma materra, une oro laguntzeko prest zegoen gizon eskuzabala zen. Pertsona handia, saskibaloia biziki gogoko zuen, eta Easo taldearengatik asko egin du etapa askotan. EST familiak kide handi bat galdu du gaurkoan. Besarkada handi bat familiari eta lagunei”, adierazi du taldeak.
Easo Saskibaloi Taldeaz gain, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak, Ibaeta Basketek, Gipuzkoa Basketek eta Askatuak Saskibalo Taldeak ere urte guzti hauetako lana eskertu diote. Bestalde, ESTk sareetan zabaldutako mezuak 25 pertsona baino gehiagoren erantzunak jaso ditu, Zubimendi agurtzeko: “Goian bego”, “A ze atsekabea”, “Ignacio, lagun maitea, beti izan zara eredu, ez dakit zenbat geratzen zaidan, baina ziur nago nire ondoan egongo zarela” eta “Pertsona handia, giza kalitatea. Goian bego” dira adibide batzuk.