Altzako naturagunea
Donostiako erdigunetik at, ekialdeko auzo garai horietan, badago zer ikusi eta zer bisitatu. Donostiar orok ezagutu beharreko lekuetako bat da Altzako Molinao ingurua, hiriko zaratatik aldenduta dagoen berdegune handi bat baita, garraio publikoa erabilita, erdigunetik ordu erdira baino ez dagoena.
Altzatik urrun bizi bazara, lasai. Herrerako topoaren geltokitik abiatuko gara, beraz, topoa hartuta, erraz iritsiko zara edozein tokitatik. Herrera pasealekua jarraituz, Euskotrenen geltokira helduko gara, eta Altzako armarria ikusiko dugu tunel baten gainean. Tunela pasako dugu, eta trenbidearen azpitik pasako gara, Oxigraf lantegi zaharrarekin topo egin arte. Hortik, San Ignacio galtzada jarraituko dugu, Txirrita Bertsolariaren pasealekuraino.
Pasealekua jarraituz, Larratxo pasealekura helduko gara, eta, pixka bat aurrerago, Felix Iranzo ibilbidea hartuko dugu. Orduan hasiko gara zailtasun ertaineko aldapa igotzen, baina goian aurkituko dugunak merezi du. Bidearen eskuinaldean berdeguneak ikusten hasiko gara, eta Molinaora gerturatu ahala, baratza batzuk ikusten hasiko gara. Sasuategi bidea pasata, Molinao bidera helduko gara, eta, orduan bai, inguruan ikusiko dugun guztia berdea izango da.
Altzaren, Pasai Antxoren eta Errenteriaren artean gaude, eta aire freskoa arnasteko aukera paregabea dugu. Eguzkitza parkean atseden hartu dezakegu, eta aurrera jarraituz gero, Papineko eta Auditz Akularreko zelai zabalez gozatuko dugu, baita bidean aurkituko dugun errekaz ere. Hain zuzen, errekaren inguruko landaredia zein ondoko basoa oso ondo kontserbatuta daude, eta tokiko landareak ezagutzeko aukera izango dugu.
Inguru guztiko bideak esploratu ditzakegu, eta ziur gauza interesgarriak aurkitzen ditugula. Instagram zalea baldin bazara, zure profila argazki ederrez betetzeko aukera ezin hobea duzu!
Molinaoko erreka zuloetako baso mistoa oso ondo kontserbatuta dago, eta han elkartu ohi dira zelaietan ibiltzen diren animaliak eta ondoko basoan ibiltzen direnak. Zorte pixka batekin, agian hegaztiren bat edo ugaztunen bat ikusiko duzu.
Iraupena: 27 minutu.