Ametzagaina, ekialdeko birika
Donostiako birika nagusienetakoa da Ametzagaina parkea. Zuhaitz eta landarez jositako 380.000 m2 ditu Intxaurrondo, Loiola eta Martutene artean dagoen parke honek, eta egiteko eta ikusteko gauza asko daude, uste duguna baino gehiago. Hiriguneko zarata eta mugimendutik ihes egiteko ibilbide berde bat proposatuko dizuegu.
Parkeak hainbat sarrera ditu: hiru Intxaurrondoko Otxoki pasealekuan, bat Txomiñeneko Ermitako sarreran, eta beste bat Martutenen, Ostatuko sarreran. Hala ere, Erdigunetik gertuen dagoen sarrera Otxoki pasealekuan dago, Lauaizeta Institutuaren ondoan. Hona iristeko, Egian barrena oinez igo gaitezke, ala autobusa hartu –9. linea– eta ‘Beharko’ geralekuan jaitsi. Lehen sarrera hau hartuta, berehala haurrentzako tirolina eta parkea pasatuko ditugu.
Beheko pista hartuta, ibilaldi labur baten ostean Ametzagainako begiratokira iritsiko gara. Donostiako Erdialdea eta Mendebaldea hobekien ikusten den lekua da hau.
Pista hau jarraituz, Garbera ingurura iritsiko gara, eta beste begiratoki batekin egingo dugu topo. Kasu honetan hiriaren ekialdea ikusiko dugu. Donostia guztia ikusten den leku gutxi dago, eta Ametzagaina horietariko bat da, 114 metroko altueran baitago parkea. Begiratokiaren ondoan Ametzagainako kraterra ikusiko dugu; zakurrek korrika egiteko leku bikaina da hau.
Parketik atera aurretik, bisita amaitzeko, erdiko pista hartu eta Ametzagainako gotorleku karlista ikustera joango gara. Gotorleku hau 1875. urtean eraiki zuten liberalek azken Karlistaldian. Karlistek San Markostik eta Santiagomenditik egiten zieten eraso, eta sei kanoiko gotorlekua eraiki zuten defentsarako.
Natur ibilbidea izateaz gain, ibilbide historikoa ere bada Ametzagaina. Azken Karlistaldian liberalek Donostiaren defentsarako eraiki zuten gotorlekua dago.
Iraupena: ordu eta erdi.