Hegaztien paradisua
Azkenaldian, asko hitz egin da Donostian Martuteneko Antondegi gainari eta han egin nahi duten surf parkeari buruz, baina ezagutzen al duzu zona hori? Donostiar asko ez dira inoiz pasatu handik, eta merezi du bisitatzea, hirigunetik hiruzpalau kilometro eskasera dagoen gune natural zabal bat baita, besteak beste, espezie ugaritako hegaztiak gordetzen dituena.
Sarrueta biribilgunetik abiatuta, zirkulazioaren zaratatik aldenduko gara Sarrueta pasealekua hartuz, eta segituan, bide malkartsu eta estu bat ikusiko dugu ezkerrean. Lotu ondo zapatilak eta ura edan, Antondegi Gaina bidea izeneko aldapa hori igo behar baitugu Antondegira heltzeko. Gogorra da, baina merezi du. Malda handia bada ere, ez da bereziki zaila, patxadaz hartu behar da.
Igotzen hasi eta berehala, Gipuzkoako landa eremu batera joan izan bagina bezala sentituko gara, nonahi baratzak, belardiak, lursailak banantzeko hesi zaharrak eta baserriak ikusten hasiko baikara. Hain zuzen, baserri horietako bat, gainera iritsi aurretik dagoena, Antondegi baserria da, inguruari izena ematen diona. Donostian hirugarren sektorea nagusi bada ere, Antondegiko lurretan nekazaritza eta abeltzaintza jarduera ugari egiten dira oraindik.
Behin gora iritsita, belardi nahiko lau bat dago, eta hiriko hainbat auzo eta itsasoa ikus ditzakegu handik. Atseden hartzeko eta zerbait jateko aprobetxatu dezakegu, eta behin indarrak berrituta, 97 hektareako berdegunetik hara eta hona ibil gaitezke, aire freskoa arnastu eta ingurua esploratzeko.
Zortea baldin badugu, ugaztunen bat edo hegaztiren bat ikusiko dugu, biodibertsitate handiko gunea baita; 120 hegazti espezietik gora behatu dira Antondegin. Era berean, hiriko korridore berdea delakoaren zati garrantzitsu bat da Antondegi, eta txangoa luzatu nahi izanez gero, Lau Haizeta parkeraino joan gaitezke, bi berdeguneak lotuta baitaude.
Antondegin urte osoan bizi diren hegaztiez gain, espezie ugarik inguruko gune lauak erabiltzen dituzte euren migrazioetan atseden hartzeko. Horrela, zuhaitzetara eta ingurura arretaz eta isiltasunean begiratuz gero, agian miru gorria, miru beltza, belatz lizarjalea, belatz handia edo hontz handia ikusiko dituzu.
Iraupena: 25 minutu.