"Nire etxean edo amarenean, beti jaten dut realaren erretiluan"
Donostian jaio eta Lasarte-Orian hezi zen Sergio, eta bere familia Salamancara itzuli zen 1990. hamarkadan; realzalea da txikitatik, eta Realaren erretiluen bilduma bat du.
Zer dela eta itzuli zen familia Salamancara bizitzera?
Gure gurasoak Salamancakoak dira, baina nire anaia eta biok Donostian jaio ginen, lan kontuak direla eta joan baitziren gurasoak Euskal Herrira. Bianchi fabrikan egiten zuten lan, eta 1985. urtean itxi zuten. Hau dela eta, urte batzuk beranduago Salamancara itzultzea erabaki zuten gurasoek. Hala ere, Euskal Herriarekin harreman handia izaten jarraitzen dugu.
Realzale taldea sortu zenuten han ezta?
Realzale asko dago hemen; duela urte batzuk elkartzen hasi ginen, eta talde bat osatzea erabaki genuen orain dela 25 urte, nahiz eta arrakasta handirik ez genuen espero. Zortzi edo hamar lagun izango ginela uste genuen, baina iragarki bat jarri genuen prentsan, eta unibertsitatearen inguruan kartelak jarri genituen; izan ere, Gipuzkoako ikasle asko etortzen dira hona. Gero, taberna bat hartu genuen egoitza gisa, eta taldeak arrakasta handia izan zuen. Jendea izena ematen hasi zen, eta eskuetatik joan zitzaigun.
Harrigarria da Salamancan dagoen realzale kopurua. Egun hauetan paseatzen ibili naiz eta hamar balkoi inguru ikusi ditut Realeko banderekin.
Taldea ikustera bidaiatzen zenuten?
Bidaia laburrak egiten hasi ginen, Madrilera edo Santanderrera, esaterako, eta tarteka Donostiara ere joaten ginen. Gero kontuan behera egin zuen, baina partida garrantzitsuak ikusteko elkartzen ginen. Hala ere, nik partida askotara joaten jarraitzen nuen, eta denboraldi bakoitzean zazpi edo zortzi aldiz joaten nintzen Anoetara.
Noiz hasi zinen Realaren erretiluen bilduma egiten?
Lehen erretiluak 1980. urtekoak dira; nik bi urte nituen garai horretan, baina familiako kide batzuek bazituzten erretiluak. Txikitatik realzalea nintzela ikusi zutenez, oparitu egin zizkidaten. Erretilu batzuetatik bat baino gehiago ditut, eta edozer dela ere, beti jaten dut bertan, nire etxean edo amarenean. Erabiltzen ditudanak kaltetuta daude, baina errepikatuta ditudanez ez zait asko inporta.
Neskena zen falta zitzaidan bakarra, 2019koa, eta bilatzen hasi nintzen. Ostadar Lasarte-Oriako kirol taldeari galdetu nien, baina ez zitzaien geratzen. Hala, IRUTXULO HITZArekin jo nuen, eta bazenutela esan zenidaten; beraz, nire anaia bidali nuen bila, eta orain bilduma osorik daukat.
Finalerako gogoekin zaude?
Bai, baina egia esanda oso urduri nago. Izan ere, ezaguera dudanetik bigarren finala izango da, 1987koaz gogoratzen bainaiz. Galtzen badugu bost urtez egingo digute barre athleticzaleek. Talde hobea dugula uste dut, eta hobeto jokatzen dugula, baina beldurra ematen didate txuri-gorriek, gerrariagoak eta lehiakorragoak direlako. Espero dut kopa Donostiara joatea, futbolak zor digula uste dut.
Emaitza bat?
Uste dut partida ez dela luzapenera iritsiko. Goiz sartzen badugu, erasora jo beharko dute eta hutsuneak sortuko dituzte. Bihotzak 3-1 esaten dit, eta buruak 1-0.