Porlan arteko berdeguneak
Nahiz eta hirigintza proiektuek eta merkataritza gune erraldoiek Belartzako eta Añorgako berdegune gehienak irentsi dituzten, bada oraindik Donostiaren mendebaldea ezagutzeko bide ederrik. Ibaeta, Añorga eta Belartza lotzen dituen ibilbide bat proposatuko dizuegu.
Ibilbidea Lugaritzeko topo geltokian abiatuko dugu, eta modu askotara iritsi gaitezke hona: oinez, txirrindaz, autobusez edo topoz. Ibilbide guztia oinez edo bizikletaz egin daiteke.
Lugaritzeko topo geltokitik abiatzen da ibilbidea, eta Morlanstik txirrindaz joan gaitezke, lurpeko bidegorritik. Bidegorri honek Añorgarako bidea jarraitzen du, saihesbidearen ondotik, eta Añorga Txikiko biribilgunera iritsiko gara. Puntu honetan ibilbidea jarraitzeko bi aukera izango ditugu. Bi bideak hartzeko zebrabidea pasa eta Atotxaerreka bidean sartu beharko gara. Ibilbide laburra egiteko, segituan ezkerrera egin eta Pedro Jose kalean sartuko gara. Bide honek Añorga eta Añorga Txiki lotzen dituen errepidea paraleloki jarraitzen du goitik, baserri zahar eta baratzeen artean. Bide honi esker, zuhaitz artean Cementos Rezola fabrikaren ikuspegi ezohiko bat izango dugu.
Bigarren ibilbidea, luzea, Atotxaerreka bidea jarraituz egingo dugu. Bide berritua da hau, eta luxuzko etxebizitza andana egin dituzte azken urteetan. Hala ere, etxe berri horien guztien artean ‘Atotxa Ereka’ izena duen baserri zaharra ikusiko dugu. Kontraste handiko eremua da hau.
Bi ibilbideetan Errotazar bidean amaituko dugu, eta Unanue-Zar baserriarekin egingo dugu topo, gaur egun landetxe bihurtua. Bide honetan jarraitu ezkero, jaisten hasiko gara une batean, eta Belartzako saltoki handiak ikusiko ditugu. Hemendik oinez itzuli gaitezke, edo autobusa hartu dezakegu.
Lukainkategi jatetxea Añorgakoen eta Ibaetakoen leku kutuna da. Aingeru Zaindariaren bidean dago, eta indarrak hartzeko aukera bikaina da, bai Añorgatik oinez datozenentzat, eta baita Ibaetatik aldapa igota iritsi direnentzat ere. Jantokitik eta kanpoaldean duen terrazatik Donostiaren ikusmira ederra dago.
Iraupena: ordu bete.