Tximistarriko slackline-ak mehatxaturiko hegaztiak kaltetzen dituela dio Haritzaldek
Astelehenetik ostegunera, Igeldoko Tximistarri kalan slackline kirola egiten ari dira Slackline Pays Basque taldeak antolatuta. Jarduera horren arriskuen berri eman du Haritzalde Naturzaleen Elkarteak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak baimendu izana kritikatu du.
“Kontserbazio munduan gabiltzan elkarte, gizarte eragile, ornitologo eta hegaztizaleok berehala izu- tu eta asaldatu ginen zonalde hartan mehatxaturiko hegazti ezberdinen habiak daudelako eta bete-betean ugal garaian egin behar zelako”, azaldu dute.
Biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzeko, denak ez duela balio azpimarratu du Haritzaldek: “Babesturiko naturaguneetatik kanpo egitea lehenetsi beharko litzateke, irudi horiek kontserbazioari begira sortuak direlako. Baina, edozein kasutan, badaude gainditu beharko ez liratekeen marra gorriak, hala nola intereseko habitatak kaltetzen edo kaltetu dezaketenean eta mehatxaturiko espezieengan eragin negatiboa edo inpaktua sortu dezaketenean”. Hori dela eta, “ulertezina” da beraien ustez aldundiak Tximistarri slackline-a egiteko emandako baimena.
Igeldo-Tximistarri inguruak “balio ekologiko altua” duela diote, “berebiziko garrantzia duelako hegaztien ugalketarako”. Esaterako, mehatxaturik dagoen eta duela gutxira arte desagertuta zegoen ubarroi mottodunen Gipuzkoako ugalketa koloniarik handiena dago. “Zonaldea babestu behar da eta ugal garaian baimenak emateak ez dirudi bide egokiena”, salatu du Haritzaldek.