Kopa Donostiara dator
34 urte pasa behar izan dira, baina Realeko mutilek beste Kopa bat ekarriko dute Donostiara, Athletic 0-1 gainditu ostean.

33 urte ziren Realeko mutilek azken aldiz final bat jokatu zutenetik, eta 34 urte azkenekoz Kopa bat irabazi zutenetik, baina hiru hamarkadan itxaroteak merezi izan du, Kopa modurik onenean ekarriko baitute Donostiara Imanol Alguacilen mutilek, Athletic garaitu ostean. Estreinakoz, euskal derbi bat izan da Kopako finala, eta txuri-urdinak gailendu dira Kopako final historiko honetan. Duela urtebete ziren gaurko norgehiagoka jokatzekoak, baina koronabirusaren pandemia dela eta, atzeratzen joan dira, eta horrela ere zaleek ezin izan dute La Cartujan egon, baina Donostiako zein Gipuzkoa osoko balkoietatik babestu dute taldea zale txuri-urdinek, eta euren saria izan dute; Realeko mutilek historiako hirugarren Kopa irabazi dute. Final historikoa izan da, eta hori gutxi balitz, estreinakoz, emakume bat aritu da marrazain lanetan gizonezkoen Kopako final batean: Guadalupe Porras.
Bi taldeak indartsu atera dira zelaira, baina hasieratik, Realarena izan da baloiaren jabetza, Merinoren eta Silvaren jokoari esker. Hala ere, partidako lehenengo aukera argia zuri-gorriek izan dute, Berenguerrek 10. minutuan eskuinetik egindako jaurtiketa batekin; kanpora joan da. Euri zaparrada izugarri baten azpian ari ziren jokatzen, Euskal Herriko klima Sevillara Euskal Herriko taldeekin joan izan balitz bezala.
Euria baretu ahala, ordea, Realak gero eta nagusitasun argiagoa izan du jokoan; ez, ordea, gola egiteko aukeretan. Izan ere, Athleticek hainbat gerturaketa egin ditu hegaletatik lehenengo hogei minutuetan. Aipatzekoa da Iñigo Martinezek 31. minutuan area kanpotik egindako jaurtiketa, Remirok bikain atera duena. Horrela, bi taldeak berdintsu jokatzen iritsi dira atsedenaldira, eta zaila zen irabazlea nor izango zen jakitea.
Bigarren zatian, aldiz, Marcelinorenak baino indartsuago atera dira zelaira Alguacilen mutilak, eta 49. minutuan eztabaida piztu du Realaren erasoko jokaldi batek, Iñigo Martinezek eskuarekin ukitu baitu baloia. Eskuan eman ondoren, area barrura joan da baloia, baina epaileak adierazi du area kanpoan ukitu duela eskuarekin, eta falta izan da. Hala ere 58. minutuan, Iñigo Martinez izan da berriz ere protagonista, Portu lurrera bota baitu area barruan atezainaren aurrean bakarrik gelditzen zenean, eta epaileak penaltia adierazi du. Hasieran, txartel gorria erakutsi dio Ondarrukoari, baina VAR-a begiratu ostean, atzera egin du, eta horia atera dio. Oiartzabalek bota du penaltia, eta azken norgehiagoketako bolada txarrarekin bukatuz, barrura bidali du, txuri-urdinen garaipeneko gola eginez. 86-87 denboraldian Gorka Pato Reizabal (1952-2019) kazetari txuri-urdinak kontatu zuen Realari garaipena eman zion penaltia, eta oraingoan, Jon Balentziagak kontatu du.
Hortik aurrera, Athleticek arriskua sortu du Realaren zelaian, baina txuri-urdinek ez dute nagusitasuna galdu, eta zortzi minutuko luzapenaren ondoren, epaileak amaiera eman dio final historiko honi. Asier Illarramendi kapitainak Kopa altxa du, 87an Arkonadak egin zuen moduan, eta 2019an Realeko neskek egin zuten moduan. Orain arte, hori zen 40 urtetik beherako realzaleek ikusi zuten garaipenik garrantzitsuena, baina orain, etxetik izan bada ere, beste bat ikusteko aukera izan dute. Egun historikoa realzale guztientzat.
Hamaikakoak:
Atheltic: Unai Simon; De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Berenguer, Vencedor, Dani Gartzia, Muniain; Raul Gartzia eta Williams.
Reala: Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Monreal; Zubimendi, Merino, Silva; Portu, Oiartzabal eta Isak.
Golak. 0-1: Oiartzabalek, penaltia jaurti ondoren (63. minutuan). Epailea. Estrada Fernandez. Txartel horiak: Athleticeko Dani Gartziari eta Iñigo Martinezi; eta Realeko Mikel Merinori.