Zortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote Kote Cabezudori, agintaritzari jarkitzeagatik
Kote Cabezudo argazkilariak jaso duen laugarren zigorra da hau; oraingoan, 3.000 euroko kalte ordaina eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra jaso ditu Cabezudok, agintaritzari jarkitzeagatik.
Kasu hau 2013ko martxoan hasi zen: argazkilariak adingabeko neska baten argazki bat igo zuen “argazkilaritza-zerbitzu erotikoak promozionatzeko” sare sozial batera, eta Gipuzkoako Epaitegiak 2014ko uztailaren 4ean biktimen argazki guztiak kentzera behartu zuen. Ondoren, 2017ko urtarrilaren 25ean, Donostiako 4. instrukzioko epaitegiak Internetetik biktimen argazki guztiak kentzera behartu zuen argazkilaria berriro ere, baina 2018ko maiatzaren 4ean biktimaren argazkia oraindik ikusgai zegoen.
Epaiaren arabera, Kote Cabezudok nahita egin zuen ez ikusiarena, eta jakinaren gainean zegoen agindu judizial horiek ez betetzeak ekarri zitzazkeen zigorrak zeintzuk ziren. Kote Cabezudoren defentsak zigorra errekurritu dezake oraindik.
47 delitu
Guztira 47 delitu egozten dizkiote Kote Cabezudori, eta hau zigortua izan den laugarren aldia izan da. Lehenengoz, bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, modeloei sexu abusuak egitea egotzita; kartzela zigorraz gain 5.040 euroko isuna eta 8.000 euroko kalte ordaina ezarri zizkioten. Bigarren zigorra bost hilabetekoa eta 1.500 euroko isuna izan ziren, baina epaileak delitua preskribatutzat jo zuen. Hirugarrenez ere zigortu zuten Cabezudo, baina helegitea aurkeztu zuen defentsak zigorraren aurka, eta errebisioan dago oraindik.
Apiril honetan egingo dute Cabezudoren aurkako seigarren epaiketa, biktimen argazkiak Internetetik ez borratzeagatik, eta bosgarren epaiketa ere laster egingo da. Epaiketa hau martxoaren 2an zen egitekoa, baina atzeratu egin zen, defentsak kasuaren inguruko dokumentu bat eskatu zuelako.