"'Ane' filmak izan duen arrakastak beste zinema mota bat ikusteko prest gaudela pentsarazten dit"
'Ane' eta 'Akelarre' filmetaz, zinemaren munduaz eta arteaz hitz egin du aktore eta artista gaztearekin IRUTXULOKO HITZAk. Ostiraleko astekarian osorik irakurri ahal izango da.

Emakumezko aktore berri onenaren saria jaso du Jone Laspiurrek (Intxaurrondo, 1995) aurtengo Goya sarietan, Ane filmean egindako lanari esker. Akelarre lanean ere parte hartu zuen, baina zinema ez da artearen munduan jorratu duen esparru bakarra. Arte Ederrak ikasi zituen, eta musikari gisa aritu da Nogen eta Koban taldeetan. Etorkizunean antzerkian lan egitea gustatuko litzaioke.
Hona hemen elkarrizketaren aurrerapena:
Zer nolako lan giroa topatu duzu proiektu bakoitzean?
Oso gustura sentitu naiz, eta bi lan hauek zineman oso giro ona dagoela konturatzeko lagundu didate. Lantalde guztien artean elkarlana lehenesten da, eta batak bestea laguntzen du lana ondo egiteko. Hala ere, zinema oso lan sakrifikatua da, egun askotan hamaika ordu baino gehiagoko jardunaldiak izaten ditugu, muntaketa eta desmuntaketa kontuan hartu gabe, eta giro ona izatea giltzarria da dena ondo joateko.
‘Ane’ gisako proiektu batek izan duen arrakastak zer pentsarazten dizu?
Beste zinema mota bat ikusteko prest gaudela pentsarazten dit, eta nire ustez jendeak bazuen zinema ikusgarritik ateratzeko gogoa. Baikortasuna ematen dit, eta Goya sarietara iristea eta hainbeste jendek bozkatzea ez nuen batere espero. Nik ez nuen ezagutzen nola funtzionatzen zuen sariketak, baina adiskidekeria zegoela uste nuen aurretik, eta ideia hori joan zait. Izan ere, ez gintuen inork ezagutzen! Daviden lehen filma zen, pertsonaia nagusi bat interpretatzen nuen lehenengo aldia zen, eta baliabide gutxi genituen.