Udaltzainek adingabe bat jo eta atxilotu dute, bizikletan entzungailuak jantzita ibiltzeagatik

Lekuko batzuek Donostiako trafikoko agenteen jokabidea salatu dute sare sozialetan. Zehazki, bizikletan entzungailuak jantzita ibiltzeagatik, adingabe bat atxilotzeko modua da kritikatu dutena.
Atzo gertatu zen atxiloketa, Amarako Easo plazaren ondoan. Trafikoko agenteek gaztea geratu zuten, eta NAN ziurtagiria eskatu zioten. Gazteak, ordea, ez zeraman soinean eta Mugi txartela erakutsi zien. Horregatik, Udaltzaingoari deitu, eta atxilotu egin zuten.
Lekukoek zabalduriko bideoetan ikusten den indarkeria da salatu dutena, “gogor joz” murriztu zutelako adingabea. Haren gertuko batek adierazi du atxilotu ostean, autoan, gehiagotan jo zutela: “Ubelduraz josita dago, eta ezpaina puskatu diote”.
Bizikletan musika entzuten joateagatik adingabe bat gelditzen du trafikoko agente batek Donostian. NAN-ik ez duenez munizipalak deitzen ditu. Hau da segidan gertatu dena. Kalabozora eta paliza galanta. pic.twitter.com/EGWzzWLhIN
— Pedal Kolpeak (@PedalKolpeak) April 8, 2021
Udaltzaingoaren bertsioa
Donostiako Udalarekin harremanetan jarri da IRUTXULOKO HITZA, Easo plazaren inguruan gertatu zenaren informazioa jasotzeko. Udaleko iturrien arabera, eztabaida sortu zen mugikortasun agente batek gelditzeko eskatu zionean pertsona bati espaloitik bizikletan entzungailuak jantzita zebilelako. “Pertsona horrek ez zion agentearen eskaerari kasurik egin eta, gainera, modu txarrean erantzun zion. Agenteak bizikletaren erabiltzailearen atzetik joateko erabakia hartu zuen eta piskat aurrerago gelditu zuen”, adierazi dute.
Behin geldituta, agenteak bizikletaren erabiltzaileari identifikatzeko eskatu zion. Une horretan, udalak dio mugikortasun agentearengana hiru pertsona hurbildu zirela bere jarrera salatzera, “eta hainbat irain esan zizkioten”. Hori dela eta, mugikortasun agenteak Udaltzaingoari deitu zion.
Bi patruila gerturatu ziren Easo plazara, “hainbat irainen artean”, eta han zeuden pertsonei identifikatzeko eskatu zieten. “Horietako batek erantzun zien ez zuela identifikatu nahi, eta beraz, udaltzainek pertsona hori polizia etxera identifikazio zuzena egiteko trasladoari ekin zioten. Une horretan, pertsona horrek agenteen eskaerari muzin egin eta indar egin zuen poliziaren aurka, hainbat agente joz. Hortaz, Udaltzaingoak pertsona hori agenteei eraso egiteagatik atxilotu egin zuen”, azaldu du udalak.