Etxe moreari azkeneko agur samina prestatzen

Aita espainiarra eta ama alemaniarra izanik, 1987an Alemanian jaio eta Herbehereetan hazi eta hezi zen Isabel Lamberti. Amsterdamgo Unibertsitatean burutu zituen bere zinema ikasketak eta, geroztik, New Yorkeko TISCH School of Arts eta Netherlands Film Academy instituzioetan ere aritu izan da, zinema dokumentalean trebatzen, batik bat.
Madrilen bizi den amonari bisita egiten entzun zuen lehen aldiz Lambertik Cañada Real auzoari buruz. Ondoren, auzoko ijitoen elkarte batekin harremanetan jarri eta haien bitartez ezagutu zuen Gabarre-Mendoza familia. Cañadako umeek etxetik eskolara egin beharreko bide luzea hizpide, familiako David eta Jesus gazteak egin zituen Volando Voy (2015) film laburraren protagonista.
Gerturatze hartan sortutako harreman onak babestuta, eta Gabarre-Mendozatarrek pairatu behar zuten etxegabetze aginduaren aurrean, Cañadara itzuli zen Lamberti. Halaxe sortu zuen La Última Primavera (2020) doku-fikzio txundigarria, kamera eskuan eta gordintasun osoz.
David txikiaren hirugarren urtebetetzea familiartean ospatzen ari direla, bi polizia aurkeztuko dira ateaz bestalde. Haiek dakarte berri txarra: Gabarre-Mendozatarrek euren eskuekin eraikitako etxea saldu berri den lursailean dago kokatuta eta, hartara, hura eraitsi eta kaleratzeari aurre egin beharko diote. Harrezkero, familiako kide ezberdinen bizitzak jarraituko ditu filmak, bakoitzaren arazo eta kezka partikularrenak kaleratzearen mehatxuari gehituz.
Hala, pantailan ikusiko duguna antzezlan hutsa bada ere, egiazko gertaeretan eta eguneroko zailtasunetan dago dena errotua. Esate baterako, benetan gertatutakoa da argi mozketaren pasartea, eta horren ondorioz etxez etxe diru-bilketa egin behar izan zuten argindarra berrezarriko zuen sorgailu elektrikoa erosteko.
Filma Zinemaldian aurkeztu eta Lambertik Zuzendari Berrien saria irabazi zuenean, aipatutako sekuentzia oharkabe pasa zitekeen. Azkenaldian, aldiz, bereziki sonatua bihurtu da Cañada Realeko bizilagunen egoera, hainbat familiak argindarrik gabe sei hilabete daramatzate eta. Errealitatearekiko konpromiso adierazgarri horretatik eratorritako naturaltasuna da, zalantza izpirik gabe, Lambertiren lanaren lorpenik handiena. Familiako kideekin sortutako lotura estuak ahalbidetuta, La Última Primavera ez da Cañadari buruzko iruzkin arrotza, baizik eta auzoaren erraietatik jaiotako adierazpen zintzoa.
Alde horretatik, hautu biribila da dokumental hertsira mugatu ez izana, Gabarre-Mendozatarrei haien burua antzezteko aukera emanez. Haien bizitzen inguruan sortuko den narratibaren eraikuntzan parte hartzeko aukeraz gain, lehenengo pertsonan bizitakoak adierazteko parada ere bada. Gainera… bejondeiela! Izugarri onak dira denak aktore lanetan, antzezten daudela sinestea zaila izatera ailegatzen baita askotan.
Lan paregabe honen aurrean Lamberti aintzat hartzeko moduko zuzendaria dela uste dut, are gehiago, etorkizunean ekarriko dituenak ikusteko gogoz nabil dagoeneko. Momentuz, Espainian jarraituko duela dirudi, paperik gabeko emakume latino-amerikar langileen inguruko proiektua prestatzen.