"Nire pertsonaia publikoa eta pribatua bereizten ikasi dut"
Emakumezko aktore berri onenaren saria jaso du Jone Laspiurrek (Intxaurrondo, 1995) aurtengo Goya sarietan, ‘Ane’ filmean egindako lanari esker. ‘Akelarre’ filmean ere parte hartu zuen, baina zinema ez da artearen munduan jorratu duen esparru bakarra. Arte Ederrak ikasi zituen, eta musikari gisa aritu da Nogen eta Koban taldeetan. Etorkizunean antzerkian lan egitea gustatuko litzaioke.

Saria jaso eta hurrengo egunetan sinetsi ezinda zeunden. Asimilatu duzu jada?
Ba ez guztiz, egia esan. Beste pertsona bati gertatu izan balitzaio bezala sentitzen dut, nire bizitzak antzekoa izaten jarraitzen baitu. Izatez, ni oraindik antzerkia ikasten ari naiz, eta mundu honetan hasiberria naiz. Badago urte mordoa daraman jendea eta nik baino askoz gehiago dakiena.
Kontu horrek nirekin zerikusirik izango ez balu bezala sentitzen dut. ‘Nola iritsi naiz ni honetara’, galdetzen diot neure buruari. Gainera, osasun larrialdiagatik eta gainerako aktoreekin asko ibiltzen ez naizenez, linbo bat izaten jarraitzen du.
Elkarrizketa mordoa izan zenituen saria jaso eta hurrengo egunetan. Nola eraman zenuen presio hori?
Flipatu egin nuen. Pertsona publikoetan pentsatzen dugunean ez gara konturatzen zenbateko lana dagoen ikusten den guztiaren atzean. Ordu eta energia asko eskatzen dituen ordainsaririk gabeko lana da. Hainbeste elkarrizketa egitea ere gogorra da, galderak gutxi aldatzen baitira, eta zuk erantzunak moldatu behar dituzu beti berdina ez esateko.
Ez dakit zehazki gehienez zenbat elkarrizketa egin ditudan egun batean, baina asko dira. Asteren batean zazpi egunetan izan ditut elkarrizketak, eta argazki saioak ere egin behar dira. Askotan nik ibili behar dut gauza batzuk kudeatzen eta jendearekin hitz egiten, eta gogorra egiten da hasieran.
Hala ere, une horiek aprobetxatu behar direla uste dut, eta badakit onuragarria dela, bai niretzat eta baita hedabideentzat ere.
Bat-bateko arrakastak eragin du presio horretara ohituta ez egotea?
Hein batean bai, baina egia da aurretik ere bazetorrela presio hau. Goya sarien aurretik, izendapena dela eta ohiko lanaz gain egiteko gauza asko zeuden. Bestalde, orain Akelarre filma Netflixen jarri dute, eta herrialde askotan arrakasta izaten ari da. Hau dela eta, kanpoko hedabideekin hainbat formatuko gauzak egin behar izaten ditugu, bideo bidezko elkarrizketak esaterako.
Denborarekin presioa gutxitzen ari da?
Bai, eta apurka ikasten ari naiz presio hori ondo kudeatzen, baina zure bizitzan eta jokatzeko moduan gauza batzuk aldatzen dira. Esaterako, niri lehen ez zitzaidan burutik pasatzen nire mugikorreko zenbakia edo nire helbide elektronikoa norbaiti ez ematea.
Halere, orain ordezkaria daukat, eta ni hain ondo moldatzen ez naizen kontuekin laguntzen dit, kontratuekin adibidez.
Garrantzitsua izan da lagunen eta familiakoen laguntza?
Bai, dudarik gabe. Atzo hitz egin nuen amarekin honi buruz: sarien onena inguruan sortzen den energia positibo hori da. Jende asko benetan poztu da kontu honekin, gurasoen lagunak eta izeba-osabak adibidez, eta garai zail hauetan zoriontasuna eman digu hainbat pertsonari. Maitasun hori guztia jasotzea oso berezia izan da.
Bestalde, espero ez nuen jende askok idatzi dit. Beste aktore batzuek, artista plastikoek, musikariek eta nik miresten ditudan pertsona batzuek idatzi zidaten, eta guztiz txundituta geratu nintzen.
Zer azpimarratuko zenuke ‘Akelarre’ filmetik?
Inkisizioaren eta sorginen erreketaren inguruan hainbat gauza egin dira; izan ere, jendeari interesatzen zaion eta nolabaiteko morbositatea sortzen duen gai bat da. Normalean, antzeko ikuspuntutik jorratzen da gai hau, mistikotasun guztia barne hartuz, baina Akelarre-n Pablo Aguerok, zuzendariak, guztiz kontrakoa egin du, neska pagano batzuen eguneroko bizitza kontatzen baitu.
Azken finean, ikuspuntu naturalistagoa du Akelarre-k. Sorginen istorioa iruzurra izan zen, eta Silvia Federici idazleak ondo azaldu zuen hau. Haren esanetan, feudalismotik kapitalismora egitura ekonomikoa aldatzerakoan erreketa horiek beharrezkoak izan ziren, eta sorginkeriaren aitzakiaz baliatu ziren neskato horiek erretzeko. Paganismoarekin amaitzeko emakume gazte horiekin egin zuten gehiegikeria ondo islatzen du film honek.
Gainera, ikuspuntu honi esker jendeari asko gustatu zaio filma, oso erraza baita neska horien lekuan jartzea.
Eta ‘Ane’ filmetik?
Bi filmek, hein batean, badute antzekotasuna, eta pareko gauzengatik gustatu zaizkio jendeari. Ane-k, adibidez, ez du trama bereziki harrigarria; bi emakumeren arteko tentsioa lantzen du, batez ere. Kontraesanez betetako pertsonak dira, edozein unetan auzoan aurkitu ditzakegun modukoak, eta uste dut haiekin identifikatuta sentitu gaitezkeela une askotan. Gainera, pertsonaiak oso karismatikoak dira, eta hain erreala da duten intentsitatea, geure burua ikusi dezakegula pertsonaietan.
Zer nolako lan giroa topatu duzu proiektu bakoitzean?
Oso gustura sentitu naiz, eta bi lan hauek zineman oso giro ona dagoela konturatzeko lagundu didate. Lantalde guztien artean elkarlana lehenesten da, eta batak bestea laguntzen du lana ondo egiteko.
Hala ere, zinema oso lan sakrifikatua da, egun askotan hamaika ordu baino gehiagoko jardunaldiak izaten ditugu, muntaketa eta desmuntaketa kontuan hartu gabe, eta giro ona izatea giltzarria da dena ondo joateko.
‘Ane’ gisako proiektu batek izan duen arrakastak zer pentsarazten dizu?
Beste zinema mota bat ikusteko prest gaudela pentsarazten dit, eta nire ustez jendeak bazuen zinema ikusgarritik ateratzeko gogoa. Baikortasuna ematen dit, eta Goya sarietara iristea eta hainbeste jendek bozkatzea ez nuen batere espero.
Nik ez nuen ezagutzen nola funtzionatzen zuen sariketak, baina adiskidekeria zegoela uste nuen aurretik, eta ideia hori joan zait. Izan ere, ez gintuen inork ezagutzen! Daviden lehen filma zen, pertsonaia nagusi bat interpretatzen nuen lehenengo aldia zen, eta baliabide gutxi genituen.
Nola sentitzen zara itxurak horrenbesteko garrantzia duen mundu honetan?
Nire pertsonaia publikoa eta pribatua bereizten ikasi dut, eta askotan nahigabe gertatzen da hori. Azken finean, zure pertsonaia publikoa eraikitzen zoaz gutxinaka. Nire kasuan, sareetan ikusi dezakezun Jone Laspiur edo egunerokotasunean ikusi dezakezuna oso ezberdinak dira. Hein batean arriskutsua iruditzen zait, eta ez dut guztiz erori nahi horretan. Aktore askorekin gertatzen da hori: ez dakizu artista bat, modelo bat edo produktu saltzaile bat den, eta garbi daukat ez dudala horretan erori nahi. Nik artea egin nahi dut, eta muga horretan oreka bat topatu behar dut.
Kontu hau zineman ohikoa da, baina antzerkiaren munduan ez horrenbeste.
Aldaketarako biderik ikusten duzu?
Ia guztiarekin bezala, pitinka aldatzen ari dela uste dut. Hortaz guztiz paso egin dezakezu, edo horretan guztiz erori. Hala ere, iruzurtia da kontu hau, gaur egun dena kapitalizatzen baita. Feminismoan bertan, duela gutxi H&M arropa dendetako iragarkietan emakume lodiak eta iletsuak ikusi genituen, eta ez dakizu fabore bat egiten ari zaren edo sistema horren estrategiak berritzen.
Zein proiektu duzu orain eskuartean?
Aste honetan Jone Arriolaren Larrugorritan telesailarekin ibiliko naiz. Atal pilotua grabatuko dugu, eta ikusiko dugu ea nola doan. Bestela, gauza handirik ere ezin dizut esan.
Luze ikusten al duzu zeure burua aktore gisa?
Azken boladan mundu honetaz azkar nekatzeak beldurtzen nau, asko eskatzen duen giro ezegonkorra baitu. Irudiarekin harreman zuzena du, eta agerian zaude etengabe; foku guztiak zuri begira dituzu. Nire helburua mundu honetan eroso sentituko naizen lekua aurkitzea da, eta artifizialtasunean ez erortzea. Azken finean, gustura nagoen bitartean jardunean jarraitzea da nire asmoa, eta noski, antzerkiaren munduan sartzea.
Oso mundu gorabeheratsua dirudi kanpotik.
Ez dakizu noiz izango duzun lana, eta lana duzunean ere ia ezer ez dago zure esku. Agian Penelope Cruzen esku egongo dira gauzak, baina nire kasuan ez da horrela. Aktoreon jarrera, gainera, pasiboa da askotan, eta ni natorren esparruan, arte ederren munduan, guztiz alderantzizkoa da egoera, bekak eta diru-laguntzak lortzeko asko mugitu behar duzu eta.
Musikaren mundura itzultzeko asmoa duzu?
Gustatuko litzaidake, baina ez dut denbora askorik. Bestalde, ez naiz ona gauza teknikoekin; berrogeialdian Abelton izeneko musika elektronikoa egiteko programarekin saiatu nintzen zerbait egiten, baina ez nuen lortu.
Nire nahia uneren batean proiektu bat egiteko jendearekin topo egitea da, baina ez da hain erraza, musika produkzioaren munduan ez baitago hainbeste emakume.
Zinemaren eta gainontzeko diziplinen artean harremana sumatzen duzu?
Ez zait gustatzen diziplinen banaketa hori. Pelikula askok duten indarra artistikoa da, arte departamenduak pisu handia duen filmak baitaude. Beste askotan, narratiboki gidoi oso poetikoak dituzten filmak daude, eta beste batzuk, berriz, literalagoak.
Oso ohituta gaude zinema komertzialetik datorrena xurgatzera, baina gustatuko litzaidake proiektu esperimentalagoetan parte hartzea, bideoartearen esparruan, esaterako.
Gustura zaude Madrilen ikasten?
Oso kontzentratuta nago, eskolak denbora gutxi uzten baitigu bestelako gauzak egiteko. Ostegunetan emanaldiak izan ohi ditugu eskolan, eta klaseen ostean entseatzeko geratzen gara. Hala ere, askotan etortzen naiz Donostiara.
Zer ikasten duzu zehazki?
Arte Ederrak ikasi nituen Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioan, eta orain antzerkia ikasten ari naiz Madrilgo eskola batean.
Ez al zaizu iruditzen zinemagintza mundua oso zentralizatuta dagoela Madrilen?
Ezetz esango nizuke, nik egin ditudan lan guztiak Euskal Herrian izan baitira, nahiz eta Madrilen bizi naizen. Proportzionalki Euskal Herrian dagoen produkzioa oso altua dela uste dut, eta proiektu oso indartsuak dira gainera; izaten ari diren arrakasta ikustea besterik ez dago. Izatez, azken urtetan euskal zinemak eztanda egin du eta kanpora irteten ari dira.
Eta irakaskuntza?
Zentzu horretan bai, irakaskuntza eta formakuntza guztiz zentralizatuta dago han. Lehen euskal aktoreak Goenkale-tik pasa behar ziren moduan, gaur egun Madriletik pasa behar dugu uneren batean. Hala ere, orain Bilbon Arte Dramatikoen eskola dago, eta uste dut pixkanaka hemen garatuko dela irakaskuntza hori.
Zer da Donostiara itzultzean egiten duzun lehen gauza?
Itsasoa eta lagunak ikustea, gehienbat. Paseatzea.