Tejeria kalean jarri dute Egiako Azoka Txikia
2020ko uztailean abiatu zuten Egiako Azoka Txikia, itxialdiak eta pandemiak sortutako arazoei aurre egiteko. Hau dela eta, astelehenero hainbat ekoizle astelehenetan haiek egindako produktuak saltzen egon dira Plaza Berrin, baina gaur Tejeria kalera mugitu dira. Izan ere, gaur hasi da Egia pausoz pauso egitasmoa, Tejeria eta San Kristobal kaleak apirilaren 25era arte oinezkoentzat bihurtuz.
Besteak beste, Egia Bizirik auzo elkartearen, Donostiako Udalaren eta EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren artean atera dute aurrera egitasmo hau. Auzo elkarteak duela urte batzuk egindako proposamena da hau, eta “oso pozik” zeudela adierazi zuten joan den astean udalak proposamena onartu zuelako.
Oinezkoentzako lehentasuna
Egitasmoa aurrera eraman ahal izateko, apirilaren 12tik 25era bitarteko asteetan ezin izango da Tejeria eta San Kristobal kaleetan ibili edo aparkatu, kasu hauetan izan ezik: 2-3 eremuko bertako ibilgailuek soilik aparkatzea, 20:00etatik 8:00etara, Tejeria kalean; zamalanak, 8:00etatik 13:30era, San Kristobal kaleko zamalanetarako eremuan eta Correos parean 6:00etatik 16:00etara; kale horietako jardueretako ibilgailu baimenduak; garaje partikularren jabeen joan-etorria; eta mugikortasun murriztua duten pertsonei erreserbatutako aparkalekuak erabiltzea (24 ordu).