Hondakinen bilketan Donostia "gune gorrian" dagoela salatu du Eguzkik

Eguzki Erakunde Ekologistak salatu du Donostian hondakinen %42 soilik biltzen direla gaika, “hamasei puntu Gipuzkoako batez bestekoaren azpitik”. Horregatik, pandemia garaian erakundeak erabiltzen ari diren terminologia bere eginda, nabarmendu du Donostia “gune gorrian” dagoela.
“Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio pozik agertu da Gipuzkoak 2020an hiri hondakinen %55 gaika bildu dituelako, hau da, dagoeneko lortu duelako Europar Batasunean 2025erako ezarri duen helburua. Diputatuak ez du esan, ordea, lorpen hori hondakinen %55 ez baizik eta %70 edo are gehiago gaika biltzen duten herriei zor zaiela eta hainbat borroka politikoaren ondorio dela”, azaldu dute ekologistek.
Donostiatik gertu dauden udalerri gehienek Gipuzkoako hiriburuak baino datu hobeak dituztela azpimarratu du Eguzkik: “Donostia inguratzen duten herri gehienak (Errenteria, Usurbil, Hernani eta Astigarraga) gune berdean daude”. Izan ere, horien artean gaikako bilketa daturik baxuena duena Errenteria da, eta, hala ere, Donostiak baino datu hobea du: %60. Udalerri horietatik datu onena duena Usurbil da, hondakinen %80 biltzen baititu gaika. Bestalde, Pasaia eta Lasarte-Oria Donostiatik hurbilago daude gaikako bilketaren datuetan, %54 eta %45, hurrenez hurren.
“Asensio diputatuak Gipuzkoako datuengatik bere burua zoriontzea sarkasmo hutsa iruditzen zaigu. Izan ere, esan bezala, Donostia eta Lasarte-Oria gainerako herrien bataz bestekoaren oso azpitik daude, eta bai Donostian eta bai Lasarte-Orian hondakin bilketa Asensioren beraren alderdikideen ardurapean daude”, salatu du Eguzkik. Donostia eta Lasarte-Oria “gune gorritik” ateratzea “premiazkoa” dela nabarmendu dute ekologistek, eta zera gaineratu dute: “Ingurumen diputatuak bere greenwashing politika behingoz alde batera utzi beharko luke. Herritarrak benetan ‘kontzientziatu’ nahi baditu, has dadila alor honetan ardura zuzenak dituzten alderdikideekin. Bilketa datuak herrialde osoan antzekoak izan arte, behintzat”.