Koronabirus kasuek eta intzidentzia metatuak nabarmen egin dute gora Donostian
103 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo, eta intzidentzia metatua 383,79koa da. Joera gorakorra mantentzen bada, datorren astean hiria perimetralki itxiko dute.
Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, 103 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo, aspalditik egun batean izan den kasu positiboen kopuru handiena. Une honetan, hiriko intzidentzia metatua 383,79koa da, eta gora egin du nabarmen. Izan ere, 342,67koa zen intzidentzia metatua atzo, 332,80koa herenegun, eta 293,87koa ostiralean. Jaurlaritzak harturiko neurri murriztaileen baldintzak Donostiak oraindik betetzen ez dituen arren, gerturatzen ari da. Izan ere, gaurko intzidentzia metatua 383,79koa da, eta 400dik gorako intzidentzia metatua duten udalerriei itxiera perimetrala ezarri diete, eta ostalaritzaren ordutegia mugatu.
Gipuzkoako intzidentzia metatua 400dik gorakoa denez, atzotik ezin da lurralde historikotik atera. Bestalde, gainerako neurri murriztaileek indarrean jarraitzen dute. Hala nola, gaueko mugikortasuna –22:00etatik 6:00etara– eta ostalaritzaren itxiera 20:00etan –esan bezala, baldin eta intzidentzia metatua 400dik gorakoa ez bada–. Horrekin batera, elkartzeak gehienez lau pertsonakoak izan daitezke.
Intzidentzia osasun eremuka
Intzidentzia metatuak bederatzi osasun eremutan egin du gora, eta Loiolan eta Bidebietan berdin mantendu da:
- Parte Zaharra: 455,20
- Aiete: 449,22
- Egia: 419,32
- Gros: 405,24
- Ondarreta: 358,53
- Amara Berri: 326,12
- Loiola: 299,81
- Altza-Roteta: 295,99
- Intxaurrondo: 280,41
- Amara-Erdialdea: 264,41
- Bidebieta: 235,88
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Amara Berri: 22
- Gros: 15
- Ondarreta: 14
- Altza-Roteta: 13
- Parte Zaharra: 10
- Amara-Erdialdea: 7
- Intxaurrondo: 5
- Egia: 5
- Aiete: 4
- Bidebieta: 1
- Loiola: 1