"Porno vs Afrodita" antzezlana ikusgai izango da asteburuan

Benetan Be antzerki konpainiaren Porno vs Afrodita antzezlana ikusgai egongo da larunbatean eta igandean, Egiako Gazteszenan. 19:00etan izango da egun bietan, eta Donostia Kulturaren webgunean erosi daitezke sarrerak, 10 euroan.
Porno vs Afrodita
Heziketa sexual eta afektiboa ardatz, gazteei eta helduei zuzendutako umorezko antzezlana da Benetan Be konpainiaren lan hau. Hala azaldu dituzte antzezlanaren helburuak: “Bizi ditugun garai indibidualizatu hauetan, antzerkiaren izaera kolektiboaren indar askatzailea eta musikaren ahalmen bateratzaileak konbokatu ditugu, eta kontu guzti honen ikerketan murgildu gara. Sakonean”.
Patricia Urrutia da antzezlanaren egilea, eta Elena Olivierik eta Pablo Ibarluzeak lagunduko diote Urrutiari zuzendaritza lanetan. Patricia Urrutia bera da protagonista, eta Juanjo Otero eta Ion Zumelaga izango ditu ondoan aktore lanetan. Antzezlan honetan musikak duen garrantzia ere azpimarratu dute; Asier Ituartek egin du lan honen musika.