Altza eta Galtzaraborda arteko topoaren saihesbidearen lanak 73,6 milioi euroren truke lizitatu dituzte
Euskal Trenbide Sareak abian jarri du Altza eta Galtzaraborda arteko topoaren saihesbidearen obra zibila lizitatzeko prozesua. 73,6 milioi eurokoa da hasierako prezioa, eta lanak 50 hilabeteko epean egin beharko dira. Obra horren barruan daude Pasai Antxoko erdigunean lurpeko geltoki berri bat eraikitzeko lanak.
Altzaren eta Errenteriako Galtzaraborda auzoaren arteko bi kilometroko tartea eraikita, 2016ko irailean topoa Herreratik Altzara eraman zuen trenbideko saihesbidea osaturik geratuko da trenbide bikoitzean. Altzatik trazadura berriak meategi tunel bidez egingo du aurrera, Donostia eta Pasaia arteko muga markatzen duen Eskalantegi kalearen pareraino.
Ondoren, ibilbide berriak mendebaldetik ekialdera zeharkatuko du Pasaia, tunel faltsuan, eta, Pasaiako saihesbidearen eta topoaren egungo trazaduraren azpitik igaro aurretik, meategi tunelean jarraituko du, Errenteriara iritsi arte. Puntu horretan, diseinaturiko trazadura kanpora irtengo da Parke kalearen parean, une honetan Topoa igarotzen den ibarbidean jadanik, Galtzarabordako geltokiaren hasieran egungo trenbideekin bat egin arte.
Lurpeko geltokia
Pasai Antxoko Gure Zumardia kalearen ondoko plazaren azpian lurpeko geltoki bat egingo dute. Sarbidea Eskalantegi kalean izango du, eta igogailua, plazan. Larrialdietarako irteera San Markos kalean egongo da. Trenbideak nasak alboetan izango ditu, baina eskailerak atari bakar batean amaituko dira, eta bertatik irtengo da kalera. Bi nasak ere igogailu baten bidez konektatuko dira atariarekin.
Molinao errekaren presentziak eta inguruko eraikuntzek Pasaiako geltokitik igarotzen den linearen trazadura eta sarbideen eta larrialdiko aireztapenen kokapena baldintzatzen dute. Hori dela eta, Pasaiako geltokia cut & cover (moztu eta estali) metodoaren bidez gauzatuko da. Horretarako, gainazaletik, geltokia hartuko duten pantailak egingo dira, hidrofresa erabiliz. Pantaila horiek egiteko azoka eraitsi beharko da.