Lamiak eta jostunak izango ditu Ondarretako La Sirena aterpetxeko fatxadak
Donostiako Udaleko Gazteria sailaren ekimenez, Ondarretako La Sirena udal aterpetxeko fatxadan horma irudi handi bat egiten ari dira GEROarte artista taldeko Clauddia Pennese arkitektoa eta Iñigo Hernandez artista. Gunearen izenari eta historiari erreferentzia eginez, horma-irudia lamia batek eta haren ilea harien moduan lantzen duten emakume jostun batzuek osatuko dute. Lamia euskal mitologiako pertsonaia ezagunak lekuaren izenari egiten dio erreferentzia, eta jostunek historiari, XX. mendearen hasieran kortse lantegi bat baitzen gaur egun aterpetxea dena. Horma irudiak Reno plazatxoaren aldeko fatxada osoa hartuko du, eta Igeldo pasealekura doazen eskaileretatik jarraituko du. Datozen egunetan bukatuko dute horma-irudia.
Donostia Gazteriaren helburuetako bat da Donostiako gazteekiko komunikazioa eta harremanak erraztea, eta ildo horretatik garatu dute horma-irudiaren proiektua. Gainera, aterpetxearen ingurua puntu kritikotzat du udalak, haren ezaugarriengatik ez baita segurua emakumeentzat: “Arazo honi erantzunez eta espazio publikoan emakumeen ahalduntzea ikusaraziz, leku aproposa da indarkeria matxistez aske den Donostia aldarrikatzeko eta memoria historiko feministak berreskuratzeko”, azaldu du Donostia Gazteriak.