"Ostiraleko kontzertuan kalitatea bermatuta egongo da"
Xabi Aburruzaga trikitilariak (Portugalete, Bizkai, 1978) bere bosgarren diskoa argitaratu zuen 2019aren amaieran, baina pandemiak lanaren aurkezpen bete-betean harrapatu zuen, eta orain arte ezin izan du Donostian aurkeztu. Ostiralean, ordea, Lugaritz Kultur Etxean joko du bere laukotearekin, eta "kalitatezko kontzertua" izango dela iragarri du. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean daude salgai.
Nola definituko zenuke ‘Bost’ diskoa?
Kantu instrumentalak eta letradunak egin ditugu, eta, konturatu gabe, disko autobiografiko bat egin dugu. Izan ere, azken urteotako bizipenak kontatu ditut abestietan: besteak beste, AEBetara, Quebecera eta Palestinara egindako bidaiak islatu ditugu kantuetan. Ez dugu nahita egin, baina horrela atera da.
Zein desberdintasun daude disko honen eta aurreko lauen artean?
Jende askok esan dit diskoa entzutean nabaritzen dela nire disko bat dela. Nire ustez, hirugarren diskotik aurrera nortasun nabarmen bat eskuratu dugula: folka pixka bat jarraitzen baduzu, nire kantu bat entzuten duzunean erraz identifikatuko dituzu ezaugarri jakin batzuk. Trikitixaren eta panderotik asko edaten dut, baina baita folk estilotik ere. Horretaz gain, aipatu ditudan herrietako eragina nabaritzen da abestietan: Quebeceko estiloa nirera ekartzen saiatu naiz, eta gurean hain ohikoak ez diren Palestinako musikako eskalak erabiltzen ere saiatu naiz, Euskal Herriko erritmo baten barruan. Nolabaiteko fusio bat da, ahaztu gabe nondik gatozen.
Zure aitatasunak ere eragina izan du diskoan?
Bai, Izei izeneko abestia nire seme Izeiren omenez egin nuen. Bere bihotzaren taupaden erritmoarekin hasten da, eta jaio zenean egin zituen lehenengo soinuekin amaitzen da. Garai hartan oraindik ez zuen hitz egiten, baina orain ez da isiltzen [barrez]. Trikitixarekin eta Izeiren ekarpen horrekin sortu nuen abestia, ez dakit hazten denean gustatuko zaion, baina nik berarengatik egin nuen.
Hainbat bidelagun izan dituzu ‘Bost’-en, ezta?
Ez ditugu diskoak urtero egiten, eta, beraz, disko bat grabatzen dugunean asetuta gelditzea gustatzen zait. Horregatik, kolaboratzaile ugari izan ditut: Quebeceko Yves Lambert Trio, besteak beste. Euskal Herriko lagun asko ere izan ditut bidelagun: Mikel Markez koruetan, Amaia Oreja, Borja Barrueta baterian, Alberto Urretxo tronboian, Abraham de Roman saxofoian, Javier Perez tronpetan, eta abar luze bat.
Bitxikeria gisa, Meigas abestian euskaraz eta galegoz abestu dugu, eta Galiziako hirukote batekin egin dugu. Elkar ezagutu genuen Glasgowko jaialdi batean: artista gehienok hotel berean egiten genuen lo, eta gauetan elkarrekin jotzen genuen hotelean. Gugana hurbildu ziren panderoekin, eta gau osoa jotzen pasa genuen. Elkarrekin abesti bat egin behar genuela esan nien, eta esan zidaten prest zeudela, baldin eta galegoz abesten bazuten. Orduan, esan nien: ‘tratu bat egingo dugu, zuek galegoz abestuko duzue, baina euskara ere sartuko dugu’. Horrela, Iñaki Aurrekoetxea letrista eta bertsolariarengana jo nuen, eta berak idatzi zuen abestia. Galegoz da, baina errima guztiak euskaraz bukatzen dira.
Letristei dagokienez, Miren Amurizaren eta Unai Iturriagaren laguntza ere izan dut, besteak beste. Oso lantalde indartsua izan dut diskoan.
Nolakoa izango da ostiraleko kontzertua?
Laukote formatuan aterako gara agertokira: pianoan Koldo Uriarte, gitarra akustikoan Eriz Perez, perkusioan Aitor Uribarri eta ni trikitixan eta perkusioan. Bost diskoa aurkeztuko dugu, baina aurreko lau diskoetako kantuei ere tartea eskainiko diegu. Izan ere, Donostiara gatozela aprobetxatuta, pixka bat baztertuta genituen abesti zahar batzuk berreskuratu nahi izan ditugu. Guretzat ederra da Donostiara jotzera etortzea, batez ere Gipuzkoan trikitixaren inguruan dagoen zaletasuna oso polita delako; gure superheroietako asko gipuzkoarrak dira.
Kontzertu gehiago eskainiko dituzue epe laburrean?
Erronka handia dugu maiatzaren 15ean Bilbon, gonbidatu ugari izango dituen kontzertu berezi bat eskainiko baitugu. Egora zail batean gaude, eta baikortasun apur bat emateko, emanaldi handi bat antolatu nahi izan dugu.
Izan ere, diskoa 2019aren amaieran argitaratu bagenuen ere, ezin izan dugu ia inon aurkeztu: Bilbon kontzertu bat eman genuen, Galizian beste hiru kontzertu eskaini genituen, eta bosgarrenaren emanaldiaren bila gindoazenean, pandemia heldu zen. Hala ere, oso kritika onak jaso ditugu, Musika Bulegoaren saria jaso genuen, Budapesten jotzera gonbidatu gintuzten, eta abar. Ematen du diskoa zahartu dela, baina leku askotan oraindik ez dugu aurkeztu; esaterako, Donostian.
Saiatzen naiz diskoak bi edo hiru urtean behin egitea, beti esaten dugu gurea slow food moduko bat dela, lasai kontsumitu eta ekoiztu beharrekoa. Gainera, uste dut disko honek merezi duela, maitasun handiz egin baitugu.
Zer harrera izaten du zure musikak Euskal Herritik kanpo?
Kepa Junkerak eta halako trikitilari handiek egindako ibilbideari esker, nahiko ezaguna da. Gainera, mundu osoan jotzen da trikitixa, zabalkunde handia izan du. Trikitixarekin baino gehiago, txalapartarekin harritzen dira hemendik kanpo.
Zer esango zenieke donostiarrei kontzertura joatera animatzeko?
Aspaldiko partez Gipuzkoan eskainiko dugun lehenengo kontzertua izango dela, eta lau musikariak gogo handiz aterako garela oholtzara. Saiatuko gara kontzertu dibertigarria, dinamikoa eta plurala egiten. Gutxienez, musikariei erreparatuta, ostiraleko kontzertuan kalitatea bermatuta egongo da.