Apustu etxeek nahiago dituzte langile auzoak
Azken urteotan, asko hitz egin da kirol apustuen etxeek gizartean sortzen dituzten arazoen inguruan, eta Euskal Herriko zein Euskal Herritik kanpoko eragile askok salatu izan dute langile auzoetan daudela apustu etxe gehienak. Haritik Hirira geografo taldeak Donostiako datuak aztertu ditu, eta agerian gelditu da fenomeno hori: makina gehienak errenta baxuena eta langabezia altuena duten auzoetan daude.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 2008an ireki zuten lehenengo kirol apustuen etxea, eta, ordutik, etengabe hazi da halakoen presentzia. Eusko Jaurlaritzak apustu etxeei lizentziak emateari utzi zion 2020an –Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak neurri bera hartu zuten 2019an–, eta orduan eman zituen datuen arabera, EAEn 205 joko areto eta 34 apustu lokal daude. Establezimendu horietan eta ostalaritza establezimenduetan dauden joko eta apustu makinak aintzat hartuta, ordea, guztira 10.500 makina inguru daude. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 2017an egindako adikzioei buruzko inkestak ondorioztatu zuen EAEko biztanleen %7,3k dirua gastatu zuela horrelako apustuetan azken urtean. 2012ko inkestarekin alderatuta, ehunekoan sei puntu igo zen, eta jokalari gehienak 15 eta 34 urteko gizonak ziren.
Hori dela eta, apustu etxeek kezka sortu dute gizartean, eta halako enpresei mugak jartzearen aldeko eragileak sortu dira hainbat hiritan. Donostian, ez dago bereziki apustu etxeen auzia lantzen duen eragilerik, ezta hiriko ludopatiari buruzko ikerketa ofizialik ere. Hala ere, badira Donostiako datuak aztertu dituzten bi geografo: Haritik Hirira taldeko Jon Macias eta Josu del Campo. Hain zuzen, Retabet, Kirolbet eta Codere kirol apustuen etxeek Donostian duten presentzia aztertu zuen otsailean, eta emaitzak Twitter sare sozialean argitaratu zituzten. «Apustu etxeen gorakada ikusita, erabaki genuen ikuspuntu kritiko batetik aztertzea kirol apustuen makinak dituzten lokalen kokapena», nabarmendu du Maciasek. Aipatu apustu etxeen webguneetako datuak hartuta, ondorioztatu zuten Donostian kirol apustuak egiteko makinak dituzten 101 lokal daudela, joko aretoak, apustu etxeen areto propioak eta ostalaritza establezimenduak aintzat hartuta. «Lokal kopurua mapan kartografiatu genuen, eta argi ikusi genuen askoz gehiago daudela hiriaren ekialdean mendebaldean baino. Horretan oinarrituta, datuak aldagai ekonomikoekin alderatzen hasi ginen», azaldu du del Campok.
Lehenengo begiradan, ondorioztatu daiteke lokalen kokapena biztanle kopuruaren araberakoa dela, 101 lokaletatik 62 Amara Berrin (19), Altzan (15), Erdialdean (15) eta Grosen (13) baitaude: 91.292 biztanle daude auzo horietan. Añorgan, Zubietan, Ategorrieta-Ulian eta Miramon-Zorroagan, aldiz, 8.821 biztanle daude, eta ez dago apustu makinak dituen lokal bat bere ere.
Auzoz auzoko datu soziekonomikoak aztertuz gero, ordea, lehenengo ondorioa argia da: ekialdeko auzoetako per capita errenta mendebaldekoetan baino baxuagoa da, eta langabezia tasa altuagoa. 2018ko datuen arabera, per capita errenta baxuena Altzakoa da, 14.796 eurorekin, eta altuena Miramon-Zorroagakoa, 34.272 eurorekin. Langabezian ere alde nabarmena dago tasa baxuenetik altuenera: Intxaurrondoko eta Loiolako tasa 10,9koa da, eta Miramon-Zorroagakoa 6,1ekoa. Horrela, geografoek alde bateko eta besteko biztanle kopuru berdintsuko lau auzo hartu zituzten, eta apustu makinak dituzten establezimenduen kopurua asko aldatzen dela baieztatu zuten: Miramon-Zorroagan, Antiguan, Ibaetan eta Aieten (41.173 biztanle) halako hamalau lokal daude, eta Loiolan, Intxaurrondon, Altzan eta Martutenen (43.704 biztanle), ordea, 27. Hau da, lokal kopurua ia bikoitza da auzo zaurgarrienetan.
«Datuek adierazten dute herritarren etsipenarekin jolasten dutela apustu etxeek», salatu du Maciasek. «Badakite auzo zaurgarrienetan herritarrek dirua behar dutela, eta behar horrek, askotan, jendea apustuak egitera bultzatzen du», gaineratu du del Campok. Era berean, azaldu du fenomeno hori hiri askotan errepikatzen ari dela: Madrilgo datuekin konparatu genituen Donostiakoak, eta antzeko zerbait gertatzen da han: errenta maila altuena duten auzoetan baxuena dutenetan baino askoz apustu etxe gehiago daude».
Horretaz gain, apustuak egiteko makinak dituzten lokalen metaketa ere aztertu zuten Maciasek eta del Campok, eta ekialdeko auzoetan mendebaldekoetan baino metaketa altuagoa izateaz gain, Amara Berrin, Anoeta estadioaren inguruan, metaketa handia dagoela antzeman zuten: «Adierazgarria da, eta iruditzen zaigu horrek estadioaren presentziari eta futbolak mugitzen duen jende kopuruari erantzuten diola: azken finean, egoera normal batean, bi astean behin adin guztietako jende ugari pasatzen da handik, eta ez soilik Donostiakoa».
Gizartearen arazo bat
«Sentsazioa da gazteek gero eta gehiago jokatzen dutela; zeren gazte guztiok egin izan ditugu apustuak nerabezaroan arazorik gabe», adierazi du Maciasek.
Geografoaren «sentsazioa» berretsi egin du Ekintza Bibe Bizi Berria elkarteko Josean Barnecilla presidenteak: «Gure datuen arabera, kirol apustuekiko mendekotasuna duten gehienak gizonak dira, nahiz eta badakigun emakume askok ere jokatzen dutela. Oso gaztetan hasten dira (15 edo 16 urterekin), eta 45 urterainoko pertsonak tratatzera heldu gara». Gipuzkoa osoko ludopatekin lan egiten du Ekintza Bibe Bizi Berria elkarteak, eta jokoarekin zerikusia duten adikzio guztiak tratatzen dituzte: «Pazienteei banan-banako psikologia saioak eta autolaguntza taldeak jartzen dizkiegu, eta senideentzako autolaguntza taldeak ere baditugu. Emaitza onak ditugu, baina aurrera egiteko modua da arazoak dituen pertsonak bere adikzioa serio hartzea eta aldatu nahi izatea». Prebentzioan ere lan egiten dute, urtero hitzaldiak eskaintzen baitituzte institutu askotan.
Hala ere, Barnecillak nabarmendu du eurengana jotzen duten adiktuen datuak dituztela soilik: «Arazoak dituzten gazteen %2 inguru tratatzen ari garela kalkulatzen dugu, beraz, zaila da datu horiekin ondorio argiak ateratzea. Gehienetan, laguntza bila etortzen direnek familiaren edo norbaiten babesa izaten dute atzean, beraz, zaila da pazienteen klase sozialaren araberako ondorioak ateratzea, egoera zaurgarrian dauden pertsonek, sarritan, ez baitute halako baliabiderik izaten».
Horrela ere, kirol apustuekin arazoak dituzten gazte kopurua nabarmena dela azpimarratu du Ekintza Bibe Bizi Berriakoak: «17 urteko gazteak etorri izan zaizkigu, baina gehienak 20-21 urte ingurukoak dira, eta esan ohi digute euren lagun taldean beraiek baino okerrago dauden lagunak dituztela. Etortzen diren gazte askok sei edo zortzi hilabete daramatzate apustuak egiten, baina horren denbora gutxian, arazo handi batekin datoz. Ez da denbora asko behar kirol apustuekiko mendekotasuna garatzeko, bereziki orain, Internet bidezko apustuekin». Hala ere, euren paziente gehienek makina txanponjaleekiko mendekotasuna dutela nabarmendu du Barnecillak: «2020ko datuen arabera, gure pazienteen%57k makina txanpon makinekin dute arazoa, eta %25ek, kirol apustuekin; azkenaldian, ordea, erruletarekiko mendekotasuna asko hazi da gazteen artean. Hala ere, urte arraroa izan zen pandemiagatik, eta badakigu horren ondorioz jende ugari etorriko zaigula datozen hilabeteetan».
Euskal Herrian, historikoki, apustuekiko tradizio handia dago, eta Barnecillak deitoratu du horrek asko normalizatzen duela ludopatia. Ondorioz, jokoarekiko mendekotasuna heroinak 1980ko hamarkadan sortutako arazoarekin alderatu daitekeela deritzo: «Fisikoki ez denez horren agerikoa, ematen du jokoa ez dela droga bezain larria, baina bada. Gainera, apustu etxeen publizitateak antzekotasunak ditu droga saltzaileek egiten zutenarekin: apustu etxeek bonuak ematen dizkizute, eta droga saltzaileek lehenengo dosia doan ematen zizuten. Bestalde, joko aretoek ondo erabiltzen dituzte euren baliabideak: partidak ikus daitezke han, edarietara gonbidatzen zaituzte, ez dago erlojurik, ez da kaleko argirik sartzen, eta abar».
Jokoarekiko mendekotasunak ondorio larriak izan ditzakeela azpimarratu du elkarteko presidenteak: «Ikasketekiko utzikeria eta familiarekiko jarrera disruptiboak dira ohikoenak. Bestalde, diru asko galtzen da, jarrera oldarkorra garatu daiteke, eta, muturreko kasuetan, adiktuak bere buruaz beste egiteko joera izan dezake». Hala ere, nabarmendu du apustuak egiten dituzten pertsona guztiek ez dituztela zertan arazoak izan behar: «Azken datuen arabera, jokoarekiko prebalentzia %3koa da. Horrek esan nahi du jokoa kontsumitzen duten pertsonen %97ak ez duela arazo larririk izango jokoarekin».
Erakundeen rola
Haritik Hirirakoen ikerketako datuak aintzat hartuta, Elkarrekin Donostiak udal gobernua interpelatu zuen martxoan, eta galdetu zion ea zergatik udalak ez duen garatu auzo zaurgarrienetako ludopatiaren aurkako neurririk, «Donostiako Adikzioen planean ez baita horri buruzko ezer zehatzik aipatzen», Haizea Garai Elkarrekin Donostiako zinegotziaren arabera. Marisol Garmendia Osasun Publikoko zinegotziak erantzun zuen udalak ez duela eskumenik apustu etxeei mugak jartzeko.
Garairen ustez, «beharrezkoa da hiriko ludopatiaren errealitatearen ezagutzan sakontzea, Internet bidezko apustuak ere kontuan izanda». Zinegotziaren aburuz, «hezkuntza zentroen inguruan apustu etxeak ezartzeko mugak behar dira, hiriko kirol ekitaldietan apustuen publizitatea kendu behar da, udal gaztelekuetan hezkuntza eta kontzientziazio programak garatu behar dira eta gazteentzako aisialdi aukerak sustatu behar dira».
Izan ere, Garairen ustez, aurrez aurreko zein Internet bidezko kirol apustuak «arazo larria» dira dagoeneko Donostian, eta apustu makinak oso eskura daudela salatu du: «Besteak beste, Intxaurrondo Hegoa ikastetxearen aurrean apustu-makinak dituen establezimendu bat dago, Amara Berriko Usandizaga institututik eta Easo politeknikotik 350 metrora gauza bera gertatzen da, Hezkuntza eta Enpresa fakultateetatik zein Antigua-Luberri institututik distantzia berera halako establezimendu bat dago eta Zuhaizti ikastetxetik 350 metro eskasera beste bat. Era berean, adingabeek sozializatzen duten guneetan ere badaude: Groseko Nafarroa Beherea plazan, adibidez».
Martxoko interpelazioaz gain, Haizea Garaik apustu etxeen inguruko bi mozio aurkeztu ditu udalean: Irabazi taldearekin 2018an, eta Elkarrekin Donostiarekin 2019an. Bietan ala bietan, udal gobernuko alderdien (EAJ eta PSE-EE) aurkako botoa izan zuten bi mozioek. Hedabide honek udaleko Osasun Publikoko sailari galdetu dio ea garatu duen edo etorkizunean garatuko duen ludopatiaren inguruko kontzientziazio kanpainaren bat, baina astekari honen edizioa ixtear zela, ez du erantzunik jaso.
Udalek ez dute eskumenik apustu etxeei mugak jartzeko: Espainiako Gobernuarena eta Eusko Jaurlaritzarena da eskumena. Hain justu, Elkarrekin Podemosek jokoa arautzeko lege proposamena aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean otsailean –besteak beste, joko establezimendu batetik bestera 500 metroko gutxieneko distantzia egotea eta hezkuntza zentroetatik distantzia berera halako aretorik zein publizitaterik jartzea debekatzea proposatu zuten–, baina EH Bilduren babesa baino ez zuen jaso.
Bestalde, Espainiako Gobernuak iazko azaroan onartu zuen apustu etxeen publizitatea mugatzeko errege dekretua, baina oraindik ez da bere osotasunean indarrean sartu. Gaur egun indarrean dauden dekretuko neurriak honakoak dira: azaroaren 4tik ezin dira jokoaren munduko enpresekin publizitate kontratu gehiago sinatu, eta apirilaren 1etik ezin da igorri pertsonaia ospetsuak dituen halako enpresen iragarkirik. Dekretuaren neurririk esanguratsuena da jokoaren publizitatea 01:00etatik 05:00etara mugatzea eta kirolarekin zerikusia duen guztian (telebista, irratia, klubak, estadioak, eta abar) halako publizitatea debekatzea, eta abuztuaren 30ean sartuko da indarrean.
Barnecillaren ustez, «oso pauso garrantzitsua» da hori, eta bide horretatik jarraitzera deitu du: «Apustu etxeak guztiz debekatzeak jende asko klandestinitatera eramango luke, baina ondo arautu behar dira. Borondate kontua da: esaterako, tabernetako makinetan karnet irakurgailuak jartzea pauso handi bat izango litzateke adin txikikoek apusturik ez egiteko, eta halako batek 10 euro balio ditu».