"Dena galdu arte jokatzen duzu"
27 urte zituenean hasi zen Internet bidez kirol apustuak egiten, eta zortzi urte pasa zituen jokatzen. 70.000 euroko zorra izatera heldu da, baina duela zortzi bat hilabete ama izan zen, eta urtarrilean Gizakia Helburu programan sartu zen. Orain ez du apusturik egiten, eta bere esperientzia kontatu digu. Inguruko guztiek bere arazoaren berri izan ez dezaten, benetako izena gorde nahi izan du, eta argazkian ere ez du agertu nahi izan.
Nola hasi zinen apustuak egiten?
Hasieran, txanpon makinetara jokatzen nuen, baina gero Internet bidezko kirol apustuak aurkitu nituen.
Nola pasa zinen txanpon makinetatik kirol apustuetara?
Ikusi nuen oso erraza zela Internet bidez apustu etxeetan kontuak sortzea. Erraztasun asko ematen dizkizute: bonuak ematen dizkizute, esaterako. Gainera, kasualitatea da, baina lehenengo apustuak irabazi egiten dira normalean.
Kirola gustuko zenuen apustuak egiten hasi aurretik?
Kirolaria naiz, baina ez naiz inoiz bereziki kirolzalea izan.
Kontua da oso eskura dituzula partida guztietako apustuak. Gainera, bat irabazten duzunean gehiago irabazi nahi duzu, eta dena galtzen amaitzen duzu. Gaur egun, apustu etxe guztietan baja eman dut, eta ezin dut gehiago sartu, baina hamar bat apustu etxetan izan dut izena emanda.
Zure adikzioak antzekotasunak ditu alkoholarekiko eta beste drogekiko adikzioekin?
Ikusten dut errazagoa dela jokoa kontsumitzea. Hau da, etxean zaudenean, ez baldin baduzu alkoholik edo drogarik, kalera atera behar duzu kontsumitzeko. Apustuekin, ordea, eskuan daukazu: ordenagailuan edo mugikorrean.
Zenbat denbora zeneraman apustuekin laguntza bilatu zenuenean?
Urteak. Mundu horretan sartzen zarenean, dena galdu arte jokatzen duzu: kredituak eskatzen hasten zara eta Wizinken eta Cetelemen moduko enpresetatik deitzen dizute kreditu txartelak eskaintzeko. Dirua irabazita ere, jokatzen jarraitzen duzu, ezer gabe gelditu arte.
Nola hasi zinen laguntza bilatzen?
Lehenengo, Jokalari Anonimoen taldera joan nintzen. Jende pilo bat zegoen han, eta astero elkartzen ginen, bakoitzak bere istorioa kontatzeko. Niri ez zidan terapia gisa funtzionatu. Nik jakin nahi nuen zergatik nintzen ludopata, izan ere, niretzat ludopatia beste zerbaiten sintoma bat da.
Konfinamendua heldu zen, eta terapiak egiteari utzi genion. Nik apustuak egiten jarraitzen nuen, eta, horregatik, terapiak etetea, pozgarria izan zen niretzat, horrela ez bainuen aurpegia ematen jarraitu behar. Azkenean, ordea, ezin izan nuen gehiago eutsi, eta senarrari eta gurasoei dena kontatu nien.
Laguntza bilatzen hasi nintzen, eta Gizakia Helburu programaren berri izan nuen. Deitu nuen, eta esan zidaten bazutela jokoarekin arazoak dituzten pertsonen talde bat.
Arrazoi zehatz bat egon zen laguntza bila joateko?
Duela zortzi bat hilabete ama izan nintzen, eta nire bizitza gaizki ikusten nuen; erabaki nuen ama izanda ezin nuela dena galdu arte apustuak egiten jarraitu. Esan nuen, ‘35 urte ditut, ama izan naiz eta nire alabarentzako onena nahi dut. Zerbait egin behar dut nire bizitzarekin, ezin dut horrela jarraitu’.
Hala ere, oso kontzientziatuta egon behar duzu apustuak benetan uzteko. Izan ere, apustu etxeetara deitzen duzunean baja emateko eta kontu berriak egiten ez uzteko eskatzeko, esaten dizute bonuak oparituko dizkizutela, eta kreditu enpresekin gauza bera gertatzen da.
Zer moduz Gizakia Helburu programan?
Urtarrilaren 27an sartu nintzen, eta oso gustura etortzen naiz. Sartu nintzenerako, hilabete eta erdi neraman jokatu gabe. Taldean egiten dugu lan, bakarkako saioak ere egiten ditugu, eta senideak ere etortzen dira: batzuetan nire senarra etortzen da eta beste batzuetan nire gurasoak.
Lortu duzu jakitea zergatik jo duzun kirol apustuetara?
Pixkanaka bazoaz gauza batzuk ikusten eta ondorioak ateratzen. Argi daukat ludopatia beste zerbaiten sintoma bat dela; tiroide arazoak dituzuenean, esaterako, medikura joaten zara ilea erortzen zaizulako, baina arazoa ez da ilea erortzen zaizula, tiroide arazoak dituzula baizik. Ludopatiarekin gauza bera gertatzen da, atzean dagoena tratatu behar duzu.
Ohikoagoa izaten da gizonek izatea kirol apustuekiko adikzioa.
Ohikoa da 40-50 urteko emakumeek txanpon makinekin arazoak izatea, baina ez horrenbeste kirol apustuekin.
Orokorrean, futbol partidetan apustuak egiten hasten zara futbola gustuko duzulako, baina esan dizudan moduan, niri ez zait inoiz bereziki gustatu. Hala ere, mundu horretan sartzen zarenean, edozertan apustuak egiten amaitzen duzu; nik askotan sartu izan dut dirua ezagutu ere egiten ez nituen taldeen partidetan. Ez dakizu neurketa hori benetan jokatzen ari den ere, baina 200 euro sartzen dizkiozu, 40 irabazteko. Ez dauka zentzurik. Zorrak estaltzeko jokatzen duzu, baina zorrak handitzen bukatzen duzu.
Senideen babesa izan duzu?
Babes osoa daukat, baina egia da hasieran ez zutela ulertu. Izan ere, zuk bost kubata edaten badituzu, ingurukoek nabaritzen dute ez zaudela beti bezala. Ludopatiarekin, ordea, ez da hain agerikoa. Horregatik, hasieran ez zuten ulertzen nola heldu nintzen horrenbeste diru gastatzera eta horren adikzio handia izatera. Hala ere, ez diot jende askori kontatu: lankideek, adibidez, ez dakite ezer. Izan ere, nahiz eta lanpostuan daramatzadan hamalau urteetan ez dudan inoiz ezer lapurtu jokatzeko, ziur noizbait zerbait faltako balitz gaizki begiratzen hasiko liratekeela.
Zenbat diru galtzera heldu zara?
70.000 euroko zor bat izatera iritsi naiz. Familiaren laguntzari esker, zati bat estali dut, baina oraindik ordaintzen jarraitzen dut. Horren harira, ingurukoei kontatzen diezunean zenbat diru galdu duzun, esaten dizute, ‘etxebizitza bat erosteko sarrera bezainbeste diru da’. Baina zuk badakizu, konturatu zara. Horregatik, jokoarekin arazoak dituen pertsona baten senideei esango nieke dirua, azken finean, dirua dela. Pixka bat berekoi sentitzen naiz hori esanda, baina horrela da. Pertsona horrek zailtasun ugari izan ditu jokatzeko, eta lur jota dago barrutik. Dirua agian ez da itzuliko, baina garrantzitsuena pertsona hori ondo jartzea da.
Zer neurri hartu dituzue zure arazoaren aurrean?
Ez daukat Internetik mugikorrean, senarrak dauka etxeko ordenagailuko pasahitza, eta nomina kobratzen dudan txartela da nire izenean daukadan gauza bakarra, baina nire gurasoek kudeatzen dute. Ez daukat jokatzeko gogorik, baina, hala ere, jokatu nahiko banu, jokatuko nuke. Ez dakit nola egingo nukeen, baina aurkituko nuke moduren bat. Borondate kontua da.
Zer iruditzen zaizu kirol apustuen egoera orokorra?
Iruditzen zait gero eta joko areto gehiago daudela, eta tabernetan kirol apustu makina gehiago jarri dituztela. Tabernetan erraza da adin txikikoek jokatzea, eta Interneten gauza bera gertatzen da: oso erraza da adinean gezurra esatea. Hori oso arriskutsua da, Interneten ez baitago mugarik: nik behin hamar ordu jarraian pasa nituen jokatzen.
Bestalde, badakite non jarri makinak eta aretoak: auzo pobreetan, eskoletatik gertu, plazetan, eta abar. Horretaz gain, futbol partidetan ematen duten iragarki kopurua izugarria da, kuotak ere esaten dizkizute. Jokoa normalizatuegia dagoela iruditzen zait.
Zer egin beharko lukete erakundeek kirol apustu etxeekin?
Niri galdetzen badidazu, esango dizut denak itxi egin behar dituztela. Drogak eta alkohola oso sartuta daude gizartean, ez dugu beste adikzio bat behar; errazegia da jokatzea, eta bizitzak suntsitzen ditu.
Zer esango zenioke jokoarekin arazoak dituen pertsona bati?
Arazo bat duela onartu arte, ez da gai izango laguntza eskatzeko. Hala ere, apustuak egiten dituen jendeari esango nioke ez jokatzeko. Eta, batez ere, jokoak arazoren bat sortzen badio, laguntza eskatzeko, hori okerrera doalako.