«Denboraldi aldrebesa izaten ari da»
Azken txanpan murgilduta dago Bera Bera eskubaloi taldea, eta Maitane Etxeberriak (Lezo, 1997) eta Mirene Morenok (Ermua, 1998) oraindik dena erabakitzeko dagoela uste dute. Izan ere, Bera Bera bi txapelketa nagusietan bizirik dago oraindik: ligan eta kopan. Ligaren bigarren zatian murgilduta daude, eta maiatzaren bukaeran Kanaria uharteetara joango dira kopako azken fasea jokatzera.
Zer moduz ikusten duzue taldea denboraldiaren azken zati honi aurre egiteko?
Mirene Moreno (M.M.): Azken partidak kontuan hartuz gero, oso pozik eta gogotsu gaudela esango nuke. Azken bi puntuak oso garrantzitsuak ziren, eta lortu genituen. Hori zen gure helburua, eta une honetan oso ondo gaudela uste dut.
Maitane Etxeberria (M.E.): Denboraldiaren hasierari atzera begiratuta, taldea sendotu egin da. Gehiago ulertzen dugu elkar, eta pistan nabaritzen da.
Ligaren bigarren zatian abantaila erosoa duzue.
M.M.: Oraindik asko falta da, eta dena erabakitzeko dago; izan ere, partidak jokatu egin behar dira.
M.E.: Joan den asteburuko puntuak oso garrantzitsuak izan dira. Aurrea hartuta dugula eman dezake, baina partida zail asko geratzen zaizkigu oraindik, etxetik kanpo batez ere.
M.M.: Etxez kanpoko partida hauek zailagoak izan ohi dira.
Publikoa dago kanpoko zelaietan?
M.M.: Bidebietan orain zalerik gabe jokatzen dugu, baina Granollersen (Herrialde Katalanak), adibidez, badago publikoa. Hau pista zailenetariko bat da.
Kopan ere aurrera zoazte gutxinaka. Nola ikusten duzue amaierako fasea?
M.M.: Hasiera batean Donostian jokatzekoa zen azken zatia, baina azkenean Kanaria uharteetan egingo da. Pena bat da. Egia esanda, oraindik ligan pentsatzen ari gara; izan ere, koparako hilabete baino gehiago geratzen da oraindik.
M.E.: Data gerturatu ahala, hasiko gara horretan pentsatzen. Azken finean, kopa beste txapelketa bat da, eta antolaketa oso ezberdina du. Kopan edozer gerta daiteke, eta partida bat galdu ezkero kalean zaude.
Nola eragin dio pandemiak taldeari eta txapelketari?
M.E.: Egia esanda, guk zortea izan dugu, behin bakarrik konfinatu behar izan dugulako denok. Ligako beste talde batzuk behin baino gehiagotan itxi behar izan dira. Konfinatu behar izate horrek denbora gutxian partida asko jokatu behar izatea eragiten du gero, eta guk, behintzat, gehiegizko karga hori ez dugu nabaritu. Otsailean geratu behar izan ginen astebetez etxean, eta atzeratutako partidak izan genituen ostean. Aste horrez gain ez dugu gehiegizko kargarik izan.
M.M.: Talde batzuek hilabete batean sei partida baino gehiago jokatu behar izan dituzte. Gure esku dauden gauzak egiten saiatzen gara, segurtasun neurriak betez gehienbat, halako egoerak saihesteko.
Partida pilaketa horrek lesioak igotzea eragin du?
M.E.: Hilabete batean bi partida jokatzetik sei jokatzera igarotzea zaila da fisikoki eta mentalki eramateko. Esan bezala, guk ez dugu arazo gehiegi izan, eta ez dugu nabaritu. Baina gure ligan eta mutilenean, adibidez, ikusi da lesioek gora egin dutela.
M.M.: Denboraldi aldrebesa izaten ari da oso.
Zer iruditzen zaizue 2019/2020 denboraldiko liga bertan behera utzi izana?
M.M.: Une horretan erabaki zentzudunena zela pentsatu bazuten, zerbaitengatik izango zen. Egoera oso zaila zen denontzat, eta guztiz ulergarria da liga amaitu izana.
M.E.: Ondo ikusten dut erabaki hori, amaitutzat eman behar zela uste dut.
Azken hamar urteetan Bera Bera izan da ohorezko mailako talde onenetakoa. Zer sentitzen duzue taldeko jokalariak izanda?
M.E.: Inguruko herrietan eta Gipuzkoan orokorrean, erreferentzia nagusia da neska txikientzat, helburu nagusia. Ni Bera Berara iritsi nintzenean liluratua nengoen.
M.M.: Gazteagoa zarenean motibazio bat da, hobetzeko eta bertan jokatzera iristeko. Espero dugu gutxienez beste hamarkada batez maila gorenean egotea!
Donostian bizi zarete?
M.M.: Ni bai, ikasketak ere hemen egiten baititut. Zaila egingo litzaidake Ermuatik egunero joan-etorria egin behar izatea.
M.E.: Ni Lezon bizi naiz, baina beste batzuk Donostian edo inguruko herrietan bizi dira, beste herrialde batzuetakoak direnak, batez ere.