Eguzki izpiek elikatutako musika jaialdia egingo dute Añorgan
Añorgan musika jaialdi berezia egingo dute larunbatean: Añorgako Izpiak. Ordiziarock ekintzak eta KREA energia berriztagarrien enpresaren artean sortutako Ekirock komunikazio zentro mugikorra erabilita, jaialdia aurrera eramateko beharrezko gailu guztiak eguzki energiarekin elikatuko dituzte. Ekirockek energia biltzen du bere plaka fotoboltaikoari esker, eta energia horrekin elikatzen ditu beharrezko gailu guztiak.
Howdy taldeak, Jon Gurrutxaga eta Urbil Artola bikoteak eta Bi Zaldi taldeak joko dute, eta kontzertu batetik besterako tartean DJ Monkeyk jarriko du musika. Jaialdia 13:00etatik 19:00etara izango da Añorgako Harrobiaren plazan, eta Jolas Etxearekin egin duten elkarlanari esker, han bertan bazkaldu ahal izango da. Horretaz gain, pertsona gorrek ere jaialdiaz gozatu ahal izango dute, Ekirockek sortzen duen bukle magnetikoari esker. Era berean, Ekirock teknologiaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izango da, eta koronabirusaren kutsatzea saihesteko beharrezko neurri guztiak hartuko dituzte.
Sarrerek 10 euroko prezioa dute (8 eurokoa Ordiziarockeko eta Añorga Kultur eta Kirol Elkarteko bazkideentzat), eta helbide honetan eskuratu daitezke.