Kontsumoaz
Kontsumo-gizarte baten baitan bizi garen heinean, kontsumo etikoa ez da existitzen. Kontsumo kontzienteak balio zehatz batzuk bultza ditzakeela eta «kontsumitzailearen boterea» dugula sinestarazten digu, hala, kapitalismoaren logika barneratuz eta ardura norbanakoetan jarriz eta erantzunak indibidualizatuz. Honek, borroka politikorako mugimendu sendo bat osatzeko antolatutako jendea beharrean, supermerkatuko saskia aldatu duten norbanakoak sortzea izan du ondorio. Baina dugun bakarra bizi dugun koiunturan erraminta berriak eraikitzea litzateke. Izan ere, helburua kalte ekonomikoak eragitea izanda ere, erosten duguna aldatzea ez da eraginkorra.
Kapitalismoa esplotazioan oinarritutako sistema izanik eta, kontutan izanda bertan ez dela aukeraketa librerik existitzen, merkatuaren baitan ematen diren salerosketak ez dira sekula eraldatzaileak izango. Hala ere, ez diegu zilegitasuna eta duintasuna kendu nahi proiektu hauei (kontsumo talde, elikadura burujabetza proiektuak.. ) baldintza material batzuetatik abiatzen garelako eta ahal duguna egiten dugulako.
Kapitala produktu edo zerbitzuak ekoitziz eta merkaturatuz birsortzen da. Ekoizpen medioen jabeek etekin ekonomikoa lortzea dute hautu eta interes bakarra, beraz, merkatu nitxoak baliatzen dituzte merkantzia espezifikoak saltzeko, etekinik ematen ez dutenak baztertuz. Honen eredu da, esaterako, kapitalismoa moldatu egin dela beganoak ere bere baitan hartzeko.
Kapitalari berdin dio ekoitzi eta merkaturatzen dituen hanburgesak haragizkoak diren edo garbantzuekin egindakoak diren, hauekin etekinak metatzen jarraitzen badu. Izan ere, kapitalismoan ekoizpen medioen jabeek beti topatzen baitute zein esplotatu eta, gizakiz haragoko animaliak ez balira, langileen bizkarretan eroriko litzateke zapalkuntza. Beganismoa eta elikadura bejetala, gure ustez, espezismoaren kontrako jarrera koherentearen ondorioa da, ulertzen dugulako gainbalioa ateratzeko esplotatu eta eraildako animalia baten gorpua, hori bera dela, beste norbaiten gorpua eta ez produktu bat.
Norbanako moduan kontsumo eta elikadura bejetala antiespezismoaren praxi kontsekuenteetako bat deritzogun arren, garbi daukagu ez dela borroka politikorako tresna bat, alde batetik, esan bezala, ardura indibidualak ez duelako kapitalismoarekin amaituko; eta bestetik, kapitalismoan ez delako kontsumo etikorik existitzen eta, hala izanda ere, gure subjektu politikotik eta baldintza material zehatz batzuetatik abiatzen garelako. Ulertzen dugu, langile moduan, ezin garela beti guztiz koherente izan eta zilegi dela deritzogu. Errealitate prekarioak bizi ditugun heinean, birziklatu edo berreskuratutako produktuak kontsumitzea ulergarria iruditzen zaigu, hauek animalia esplotaziotik eratorriak badira ere.
Gainera, bada ekonomikoak ez diren arrazoiengatik kontsumo %100 begetala eduki ezin duen jendea ere, osasunagatik esaterako: izan animalietan ikertutako botikak hartu beharragatik edota elikadura haragijalea beharrezkoa dutelako (crohn-a…).
Jokabide hauek espezistak dira, noski. Baina, aipatu bezala, ezaugarri material zehatz batzuek baldintzatzen dute gure kontsumoa. Gainera, badira jarrera espezista ugari kontsumoaz harago, Mendebaldeko kapitalismoan edo mendebaldartuetan bizi garenon mundu-ulerkerak eskema antropozentrista batetan duelako oinarria. Beraz, beganismoaren (edo kontsumo koherentearen) poliziak izan baino, problematizatu ditzagun beste animaliekin harremantzeko eskemak. Jarrera espezistak seinalatu eta epaitu baino (moralaren jabeak izango bagina lez), mahaigaineratu dezagun debatea gure auzo eta asanbladetan. Antolatu gaitezen, elkar zainduz eta elkarrekin ikasiz, mugimendu politiko sendoak eraikitzeko.