Ezohiko larunbata Tejeria kalean
Larunbat eguzkitsua da gaurkoa Egiakoa, baina Tejeria kalean autoak eta zarata egon beharrean, txirrindak eta kantuak nagusitu dira.
Astelehen honetan itxi zuten Tejeria kalea trafiko orokorrarentzat, proba gisa oinezkoentzat bihurtzeko. Egia Bizirik auzo elkartearen eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren artean egin dute proiektua, eta apirilaren 25era arte egongo da itxita. Astelehenetik hona hainbat elkartek eta taldek jarduera eta tailer ezberdinak izan dituzte, eta gaur Kalapieren eta Kantu Jiraren txanda izan da.
Kalapieko kideek bizikletak konpontzeko tailerra egin dute 11:30etik 13:00etara; hamar pertsonatik gora gerturatu dira haien bizikletekin, eta beraien kabuz konpontzen irakatsi diete. Idoiak bere bizikleta eraman du Tejeriara, eta auzoetan kale batzuk oinezkoentzat bihurtzea ideia bikaina dela dio: “Duela bi aste ohartu nintzen Tejeria kalea itxi behar zutela, egia esanda oso interesgarria iruditu zait. Gauza desberdinak ikasi ditzazkezu, eta uste dut ohartzen ari garela kaleak ez direla autoentzat bakarrik, eta bertan bestelako gauzak egin daitezkeela”.
12:00ak inguru jende asko gerturatzen hasi da oinezkoentzat bihurtu duten kalera. Instrumentuak zorroetatik ateratzen hasi dira batzuk, eta abestien letrak banatzen besteak; Kantu Jiraren txanda. San Kristobal eta Tejeria kaleen arteko bidegurutzean hasi dira kantuan, eta gutxinaka beherantz.