Polizia indarren erasoak salatu dituzte udaletxearen parean
Apirilaren 9an udaltzain batzuek 18 urteko gazte bat jo eta atxilotu zuten. Hori dela eta, Piztu Donostiak deituta, 40 pertsona inguru elkartu dira gaur udaletxearen parean polizia indarren gehiegikeria salatzeko. Bertan izan dira erasoa jasotako gaztearen gertukoak, eta gertakariak zehaztasunez plazaratu dituzte.
Piztu Donostia plataformaren Eskubideen Behatokiak gutun bat helarazi dio Eneko Goia Donostiako alkateari, eta hauek dira lau eskakizun nagusiak:
1.Udaltzaingoak edozein herritarri zor zaizkion eskubide sozial, zibil eta politikoak errespetatuz joka dezan, behar duen neurriak har ditzala eskatzen diogu alkateari.
2.Gertakarien inguruan espediente informatzaile bat ireki dezala, baita ikerketaren emaitzak publiko egitea ere, agenteen jokabidea bidezkoa izan zen ala ez jakiteko.
3.Gardentasunaren izenean, alkateak publiko egin ditzala Udaltzaingoak bere jarduerarako finkaturik dituen protokoloak, etorkizunean herritarrok argi eta garbi jakin dezagun non dauden Udaltzaingoak bere jardueran errespetatu behar dituen mugak.
4.Garbi utzi nahi dugu Udaltzaingoaren funtzio nagusia hiritarrak artatzea dela, eta ez errepresioa. Apirilaren 9an jazotakoa hiritarrak beldurtzea da, eta beldurtzen duenak ezin du inor artatu.