Bertsolaritzaren genealogia feministaren erakusketa eta bertso saioa, Larratxo kultur etxean
Ostiralean, hilaren 23an, Orainmenean. Bertsolaritzaren genealogia feministak ikuskizuna egingo dute Larratxoko kultur etxean, 19:00etan. Erakusketa eta bertso saio berezia da, liburu batean oinarriturikoa. Ostiraleko saioan Oihana Iguaran, Ane Beloki eta Maider Arregi bertsolariek parte hartuko dute. Aldiz, Amaia Agirre izango da gai-jartzailea. Altzako Bizarrain euskara elkarteak antolatu du.
Bertsolaritzaren historia kontatzean beti kontatu izan da gizonezko bertsolarien historia. “Hala ere, guganaino iritsi zaizkigun izen handi horien atzean arakatuz gero, hainbat eta hainbat plazandreren arrastoak agertzen direla ikusiko dugu”, dio Txakur Gorria sormen kolektiboak. Horregatik, ahalegin berezi bat egin dute bertsolaritzaren hastapenetatik gaur arteko historia hori zalantzan jarri eta, ikusezin izandakoak ikusaraziz, bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat berridazteko.
Sarrera lortzeko alde aurretik izena eman behar da Casares kultur etxean. Bi modu daude horretarako; telefono bidez (943 35 11 49) eta posta elektronikoz (casareskulturetxea@donostia.eus).