Donostia perimetralki itxiko dute bihar
211 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte Donostian asteburuan, eta hiriko intzidentzia metatua 480,84koa da. Ondorioz, bihartik aurrera Donostiako mugak itxita egongo dira, eta ostalaritzaren barnealdeko ordutegia murriztuko dute, besteak beste.
Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, 211 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte Donostian asteburuan: 57 kasu positibo ostiralean, 89 kasu larunbatean, eta 65, berriz, atzo. Une honetan, hiriko intzidentzia metatua 480,84koa da, eta gora egiten jarraitzen du. Izan ere, 416,14koa zen intzidentzia metatua ostiralean, 397,50ekoa ostegunean, eta 383,79koa asteazkenean. 400eko intzidentzia metatua gainditu zuen Donostiak ostiralean, eta asteburuan intzidentzia metatuak gora egin duenez, Donostia perimetralki itxiko dute bihartik aurrera. Izan ere, gaur bilduko da Osasun Saila, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako udalerrien intzidentzia metatuari begiratzeko, eta 400dik gorako intzidentzia metatua duten udalerriak perimetralki ixteko. Horietako bat da Donostia, 480,84ko intzidentzia metatua duelako gaur.
Ondorioz, bihartik aurrera Donostiako mugak itxita egongo dira, eta zenbait neurri murriztaile jarriko dira indarrean. Batetik, ostalaritzaren barnealdeko ordutegia murriztuko dute: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era baino ezingo da tabernen eta jatetxeen barruan egon. Bestetik, apustu-etxeek ostalaritza zerbitzua barruan baino ezingo dute eman, zehaztutako ordutegietan. Gainera, ezingo dira lau pertsona baino gehiago elkartu toki itxietan kirola egiteko, baina kirolari profesionalak eta federatuak neurri horretatik salbuetsita daude. Aldagelak eta dutxak itxita egongo dira; igerilekuetan %35eko pertsona kopurua onartuko dute, eta dutxak bakarka erabili ahalko dituzte. Donostia itxita egongo bada ere, inguruko udalerrietara joateko aukera izango da erosketak egitera edo aire libreko kirola praktikatzera.
Gainerako neurri murriztaileek indarrean jarraituko dute. Hala nola, gaueko mugikortasuna –22:00etatik 6:00etara– eta ostalaritzaren itxiera 20:00etan –kanpoaldean, soilik–. Horrekin batera, elkartzeak gehienez lau pertsonakoak izan daitezke.
Intzidentzia osasun eremuka
Intzidentzia metatua berdin mantendu da Loiolan, eta gainerako guztietan gora egin du:
- Egia: 703,37
- Aiete: 521,42
- Gros: 499,80
- Parte Zaharra: 498,55
- Ondarreta: 493,83
- Amara Berri: 390,73
- Bidebieta: 346,88
- Amara-Erdialdea: 323,17
- Altza-Roteta: 321,51
- Intxaurrondo: 315,46
- Loiola: 286,18
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Ondarreta: 16
- Gros: 13
- Aiete: 8
- Egia: 8
- Amara Berri: 7
- Parte Zaharra: 3
- Amara-Erdialdea: 2
- Intxaurrondo: 2
- Altza-Roteta: 1
- Loiola: 1
- Bidebieta: 0