Miarritzeko erailketa matxista salatu dute Bulebarrean
77 urteko gizon batek bere 75 urteko emaztea tiroz hil zuen joan den ostiralean Miarritzen (Lapurdi), eta hilketa hau salatzeko elkarretaratzea egin dute Donostiako Bulebarrean, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta.
2021. urtean Euskal Herrian erail duten hirugarren emakumea da, eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak dio indarkeria matxistak ez duela mugarik: “Bizi garen sistema kapitalista heteropatriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, menpeko harremanak bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea da”.
Erailketa matxista hau salatzeaz gain, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak “autodefentsara feministarako deia” zabaldu du, eta edozein erasoren aurrean erantzuteko prest daudela azpimarratu dute.