Realak Logroño garaitu du Zubietan
Realak Logroñoren aurka jokatu zuen larunbatean Zubietan, eta Nahikari Garcia, Nerea Eizagirre eta Barbara Latorreren golei esker hiru puntu poltxikoratu zituen Natalia Arroyoren taldeak. Laugarren postura egin dute jauzi txuri-urdinek, eta Txapeldunen Ligako postuetatik lau puntura daude. Atzetik, baina, Tenerife dago, partida bat gutxiago jokatuta hiru puntu gutxiagorekin. Zortzi partida geratzen zaizkio Realari liga amaitzeko.
Mutilen taldeak, berriz, ezin izan zuen punturik eskuratu Sevillaren aurka. Anoetan izan zen partida, atzo, eta Carlos Fernandez Sevillako jokalari ohiak ireki zuen markagailua txuri-urdinentzat bosgarren minutuan. Hala ere, Sevillak ondo erantzun zion gol horri, eta 22. eta 24. minutuetan golak egin zituzten Fernandok eta En Nesiryk. Bigarren zatia borrokatua izan zen, eta Realak penaltia eskatu zuen jokaldi batean, baina epaileak ez zuen adierazi. Jardunaldi honetan Betisek eta Vila-realek pasa egin dute talde txuri-urdina sailkapenean, eta zazpigarren postuan dira Imanol Alguacilenak. 49 puntu ditu Vila-realek, 48 Betisek eta 47 Realak.
Saskibaloian, Zaragozak aise garaitu zuen Gipuzkoa Basket, 99-71. Azken postuan dira donostiarrak, eta jaitsiera postuetatik ateratzetik urrun dago: lau puntura.
Belar hockeyan, Realak SPV Complutenseren aurka jokatu zuen atzo Donostian, eta 2-1 irabazi zuten txuri-urdinek. Garaipen honi esker, zortzigarren postura igo dira donostiarrak, jaitsiera postuetatik aldenduz. “Aurrerapauso erraldoia” eman dutela adierazi dute.