75 koronabirus kasu positibo Donostian
Hiriko intzidentzia metatua 498,93koa da, eta gora egiten jarraitzen du: Donostia perimetralki itxi dute gaur. Bederatzi osasun eremutan gora egin du intzidentzia metatuak.

Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, 75 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo. Une honetan, hiriko intzidentzia metatua 498,93koa da, eta gora egiten jarraitzen du. Izan ere, 480,84koa zen intzidentzia metatua atzo, 416,14koa zen ostiralean, eta 397,50ekoa ostegunean. Donostiak 400eko intzidentzia metatua gainditu duenez, Donostia perimetralki itxi dute gaur.
Ondorioz, gaurtik aurrera Donostiako mugak itxita daude, eta zenbait neurri murriztaile jarri dira indarrean. Batetik, ostalaritzaren barnealdeko ordutegia murriztuko dute: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era baino ezingo da tabernen eta jatetxeen barruan egon. Bestetik, apustu-etxeek ostalaritza zerbitzua barruan baino ezingo dute eman, zehaztutako ordutegietan. Gainera, ezingo dira lau pertsona baino gehiago elkartu toki itxietan kirola egiteko, baina kirolari profesionalak eta federatuak neurri horretatik salbuetsita daude. Aldagelak eta dutxak itxita egongo dira; igerilekuetan %35eko pertsona kopurua onartuko dute, eta dutxak bakarka erabili ahalko dituzte. Donostia itxita egongo bada ere, inguruko udalerrietara joateko aukera izango da erosketak egitera edo aire libreko kirola praktikatzera.
Gainerako neurri murriztaileek indarrean jarraituko dute. Hala nola, gaueko mugikortasuna –22:00etatik 6:00etara– eta ostalaritzaren itxiera 20:00etan –kanpoaldean, soilik–. Horrekin batera, elkartzeak gehienez lau pertsonakoak izan daitezke.
Intzidentzia osasun eremuka
Intzidentzia metatuak behera egin du Grosen eta Bidebietan, eta gainerako guztietan gora egin du:
- Egia: 737,18
- Parte Zaharra: 541,91
- Aiete: 529,44
- Ondarreta: 503,97
- Gros: 493,04
- Amara Berri: 412,27
- Amara-Erdialdea: 367,24
- Altza-Roteta: 336,82
- Bidebieta: 333,01
- Loiola: 327,06
- Intxaurrondo: 324,22
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Ondarreta: 10
- Gros: 7
- Egia: 7
- Amara Berri: 7
- Parte Zaharra: 7
- Amara-Erdialdea: 6
- Intxaurrondo: 5
- Altza-Roteta: 5
- Loiola: 4
- Aiete: 4
- Bidebieta: 0