Kutxabankek ez du Bidebietako bulegoa berriz irekiko
Kutxabankek ez du Bidebietako bulegoa berriz irekiko, “langile faltarengatik”, Maria Jesus Idoeta Auzoetako zinegotziaren arabera. Astelehenean Zigor Etxeburua EH Bilduko zinegotziak egindako interpelazio bati erantzunez eman zuen egoeraren berri Idoetak. Horren aurrean, azaldu zuen udalak auzoko adineko pertsonei formakuntza eskainiko diela, kutxazain automatikoak eta baliabide digitalak erabiltzen irakasteko.
Kutxabankek iazko irailean itxi zuen Bidebietako bulegoa, eta bizilagunak mobilizatzen hasi ziren, itxierak adineko pertsona askorentzat kaltegarria zela salatuz. Izan ere, azaldu zuten adineko pertsona asko ez direla moldatzen kutxazain automatikoekin eta Internet bidezko zerbitzuekin. Horrela, sukurtsala berriz irekitzearen aldeko 1.202 sinadura bildu zituzten, eta udalak aho batez onartu zuen bankuari eskatzea bulegoa berriz irekitzeko. Bidebieta-La Paz bizilagun taldeak azaldu duenez, hedabideen bidez izan dute Kutxabanken erabakiaren berri, eta horren aurrean zer egin dezaketen aztertzen ari dira.
Egoera gaitzetsi zuen Etxeburuak, eta salatu zuen langileak agian faltako zaizkiola Kutxanbaki, baina ez mozkin ekonomikoak.