Reala Superligaren aurka agertu da
Realak UEFArekin, Espainiako Futbol Federazioarekin eta Espainiako Ligarekin bat egin du, eta Europako Superligaren aurka agertu da. Klub txuri-urdinak nabarmendu du Superliga “ez dela bidea”, eta “kaltegarria” dela Europako futbolarentzat. Era berean, gaur egungo lehiaketa ereduaren alde egin du: “Edozein klubek, bere kirol lorpenak kontuan hartuta, bere merituengatik nazioarteko lehiaketa bat jokatzeko aukera izan dezan”.
Europako hamabi talde handik (Real Madrilel, Manchester Unitedek, Juventusek, Bartzelonak, Liverpoolek, Atletiko Madrilek, Arsenalek, Tottenhamek, Manchester Cityk, Chelseak, Interrek eta Milanek) igandean iragarri zuten Europako Superligaren proiektuaren sorrera, UEFA bazter utzita. Horren aurrean, liga eta federazio nagusiek –Espainiakoek barne– babestutako ohar bat plazaratu zuen UEFAk, eta salatu zuen Superligaren proiektua “zinikoa” dela. Era berean, proiektuak izan ditzakeen ondorioez ohartarazi zuen: “Talde horiek ezingo dute beste lehiaketetan parte hartu, ez herrialdeetakoetan, ez Europakoetan, ez eta mundu mailakoetan ere, eta jokalariak selekzioekin jokatzeko aukera gal lezakete”.
UEFAren oharraren aldekoa da Reala, eta egoerari irtenbide adostu bat bilatzeko eskatu du: “Alde guztien artean, UEFA, RFEF, LaLiga eta klubek egoera hau bideratzea espero dugu, futbolaren eta zale guztien onerako”.