89 koronabirus kasu positibo Donostian
Donostiako intzidentzia metatua 517,57koa da, eta gora egiten jarraitzen du. Hamar osasun eremutan egin du gora intzidentzia metatuak, eta Intxaurrondon berdin mantendu da.
Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, 89 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo. Une honetan, hiriko intzidentzia metatua 517,57koa da, eta gora egiten jarraitzen du. Izan ere, 498,93koa zen intzidentzia metatua atzo, 480,84koa zen herenegun, eta 416,14koa ostiralean. Donostiak 400eko intzidentzia metatua gainditu duenez, Donostia perimetralki itxi zuten atzo.
Ondorioz, atzotik aurrera Donostiako mugak itxita daude, eta zenbait neurri murriztaile daude indarrean. Batetik, ostalaritzaren barnealdeko ordutegia murriztu dute: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era baino ezingo da tabernen eta jatetxeen barruan egon. Bestetik, apustu-etxeek ostalaritza zerbitzua barruan baino ezin dute eman, zehaztutako ordutegietan. Gainera, ezin dira lau pertsona baino gehiago elkartu toki itxietan kirola egiteko, baina kirolari profesionalak eta federatuak neurri horretatik salbuetsita daude. Aldagelak eta dutxak itxita daude; igerilekuetan %35eko pertsona kopurua onartzen dute, eta dutxak bakarka erabili ahal dituzte. Donostia itxita badago ere, inguruko udalerrietara joateko aukera dago erosketak egiteko edo aire libreko kirola praktikatzeko.
Gainerako neurri murriztaileek indarrean jarraitu dute. Hala nola, gaueko mugikortasuna –22:00etatik 6:00etara– eta ostalaritzaren itxiera 20:00etan –kanpoaldean, soilik–. Horrekin batera, elkartzeak gehienez lau pertsonakoak izan daitezke.
Intzidentzia osasun eremuka
Intzidentzia metatua berdin mantendu da Intxaurrondon, eta gainerako guztietan gora egin du:
- Egia: 750,71
- Parte Zaharra: 585,26
- Aiete: 553,51
- Ondarreta: 514,12
- Gros: 503,17
- Amara Berri: 433,81
- Amara-Erdialdea: 381,93
- Altza-Roteta: 357,23
- Bidebieta: 416,26
- Loiola: 340,69
- Intxaurrondo: 324,22
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Amara Berri: 16
- Parte Zaharra: 11
- Gros: 11
- Egia: 9
- Bidebieta: 8
- Altza-Roteta: 8
- Ondarreta: 8
- Aiete: 6
- Amara-Erdialdea: 5
- Intxaurrondo: 1
- Loiola: 2