Artikutzako presa partzialki eraisteko prozesua abiatu du udalak
Donostiako Udalak Ingenieria Salaberria enpresari adjudikatu dio Artikutzako presa partzialki eraisteko lanen proiektua idazteko ardura. Hamaika hilabeteko epea izango dute, eta aurrekontua 49.902 eurokoa da.
Presako hormaren zati bat eraistea da asmoa. Ezkerreko gainezkabidearen hutsunea jaitsiko dute Enobieta ibaiaren mailaraino. Horrez gain, oinezkoentzako pasabide bat eraikiko dute alde batetik bestera igaro ahal izateko.
Artikutzako lursaila 1919an erosi zuen udalak –Goizuetan (Nafarroa) kokatua badago ere–, hango ura hirira eramateko. Geroztik, urtegi bat baino gehiago izan da, Euskal Herrian hobekien kontserbaturiko lekuetako bat baita. 2019an ehun urte bete zituen, eta horren harira erreportaje zabala argitaratu zuen IRUTXULOKO HITZAk.