GuraSOSek ekonomia zirkularrerako bidea hartzera deitu ditu erakundeak
GuraSOS elkarteak agerraldi publikoa egin zuen asteartean Eusko Legebiltzarrean, eta erakunde publikoen eta gizarte zibilaren arteko adostasuna lortzearen alde agertu zen, “erraustegien bide hila alde batera uzteko eta ekonomia zirkularraren aldeko politiken trena hartzeko”. Ildo horretatik, Europan erraustegien aldeko politikak baztertzen ari direla azaldu zuen elkarteak, hiru mugarriri erreferentzia eginez: Danimarkak 21 errauste planta bertan behera utzi dituela, Inbertsioen Europako Funtsak erraustegiak ekonomia zirkularreko 2019ko gidatik kanpo utzi zituela eta Europako Batasuneko adituen batzordeak gauza bera egin duela finantza jasangarrien kalifikaziorako.
Horretaz gain, GuraSOSek prentsaurrekoan iragarri zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa (GHK) ikertu egingo dutela auzitegiek, iazko maiatzean erraustegiak Arkaitzerreka errekastoan eragindako amonio isurketa kimikoa dela eta. Kasuan akusazio partikular gisa arituko da, eta justizia autuak 3.000 euroko fidantza bat ezarri dio elkarteari; diru hori herritarren ekarpenekin biltzea espero dute. Horretaz gain, nabarmendu zuten Arkaitzerrekako isurketarena ez dela GHK-ren aurka irekita dagoen kasu bakarra.