Haritzaldek "koherentea" izateko eta gerriko berdearen alde egiteko eskatu dio udalari
Apirilaren 22ko Lurraren Egunaren harira, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak Donostiako gerriko berdearen alde egiteko eskatu dio udalari, Belartza Goikoa eremuko legez kanpoko harri pilaketa erretiratzetik hasita. Salatu dute ia bi urte (hemezortzi hilabete) pasa direla Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak harri pilaketa kentzeko agindua eman zuenetik: “Bi hilabeteko epea ematn zioten udalari lanei ekiteko eta kostuak ordaintzera zigortu zuen. Kostuak ordaindu zituzten, baina harriek, ordea, han diraute”. Hain justu, udalak aste honetan abiatu du harri pilaketa erretiratzeko prozesua.
Belartza Goikoa eremua Europako intereseko habitat gisa izendatuta dagoela gogoratu dute naturzaleek, eta hori aintzat hartzeko eskatu diote udalari: “Epaia betetzetik harago, babesturiko habitata, sega belardia, lehen bai lehen lehengoratu beharko litzateke. Harriek, gainera, inguruko baso misto eta hariztian eragin negatiboa ere badute. Hortaz, Donostiako Udalari betearazpen subsidiarioa exekutatu eta bete dezala exijitzen diogu, harri guztiak luze gabe ateraz eta habitata berreskuratuz”.
Koherentzia
“Udalak Larrialdi Klimatikoa aitortu eta aldarrikatu zuen harro eta ozen. Deklarazioan lurraren defentsa hartu zuen argudio eta ingurune naturalaren artifizializazioa eta okupazioa kritikatu zituen, gelditzen diren berdeguneen defentsa eginez”, azaldu du Haritzaldek. Horregatik, udalari eskatu dio aitorpenarekin modu koherentean jokatzeko: “Ezin da artifizializazioa kritikatu eta aldi berean proiektu okupatzaileak sustatu. Belartza Goikoan sustatu nahi duten industrialde egitasmoak orain eremu naturala den tokia suntsituko luke, hiriko gerriko berdeari kolpe latza emanez. Udalak epaia bete behar du lehen bai lehen eta erabat zaharkituta gelditu den 2010eko Plan Orokorraren berrikusketa eta berridazketarekin batera, Belartza Goikoa landa eremu gisa sailkatu behar du Unanue Landa Parkean txertatuz eta hura garatuz”.
“Munduko arazo orokorrek, krisialdi ekologikoa ekarri digutenek, tokian tokiko erantzuna behar dute eta koherentziak nagusi izan behar du. Basozabalgo urbanizazio egitasmoa atzera botatzeko gauza izan diren bezala, Antondegin edo Auditz Akularren etxebizitza andana eraikitzeari uko egin dioten bezalaxe, Antondegirako edo Belartza Goikorako dauden artifizializazio egitasmo guztiak baztertzea eta berriro landa eremu gisara sailkatzea eta Donostiako gerriko berdea sustatzea eskatzen diogu udalari”, gaineratu dute.