Presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatu du Donostiako Udalaren gehiengoak
Donostiako Udaleko EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren udal taldeek presoak Euskal Herriratzeko eskatu dute, asteazken goizean Miramar jauregian aurkeztu duten adierazpen bateratuaren bidez. 2020ko abenduaren 11n, Euskal Herriko hamalau alderdi politikok eta sindikatuk –EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, ELAk, LAB-ek, UGT-k, CCOO-k, Steilasek, EHNE-k, ESK-k, Hiru-, Etxaldek, CGT-k eta CNT-k– euskal presoei beste espetxe politika bat ezartzearen aldeko manifestu bat plazaratu zuten, eta horrekin bat eginez aurkeztu du udalaren gehiengoak aipatu adierazpena. Hiru alderdiek premiazkotzat jo dute presoen urruntze politika amaitzea, zigorrak betetzean “deserrotzerik” ez gertatzeko.
Jon Insaustik, Reyes Carrerek eta Aitzole Aranetak sinatu dute adierazpen; hurrenez hurren, EAJko, EH Bilduko eta Elkarrekin Donostiako zinegotziak. Eurekin batera, Etxerat elkarteko Patricia Velez eta Sareko Joseba Azkarraga izan dira aurkezpenean, eta biek eskerrak eman dizkiete hiru alderdiei, baita 90 udaletik goratan halako adierazpenak onartu dituztela nabarmendu ere. Velezek azaldu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari urruntze politikarekin bukatzeko eskakizuna helarazi ziotela “euskal gizartearen gehiengoaren isla” delako, eta azpimarratu du espero dutela “espetxe politika humanizatuago baten alde pausoak ematen jarraitzea”.
Donostiako alderdi sinatzaileek “EAEko gizartearen eta abenduko adierazpenaren sinatzaileen sostengu osoa” adierazi diote Espainiako Gobernuari, “espetxe politika normalizatu bat aplikatzeko beharrezkoak diren urratsak” aplikatzeko eta “iraganeko logiken araberako legerian oinarritutako egoera behin betiko gainditzeko”. Hain zuzen, euskal presoekin Espetxeetako Lege Orokorrean aurrikusitakoa betetzekon eskatu dute: “Askatasunaz gabetzen duten zigorrak familia eta gizarte sustraiak dituzten lekuetatik urrun betetzea saihestuko duen espetxe politika bat ezinbestekotzat jotzen dugu”.
Horrekin batera, urruntze politikarekin amaitzeko bidean, babesa adierazi diete preso guztiak Martuteneko, Basauriko eta Zaballako espetxeetara lekualdatzeko proposamen guztiei, sinatzaileen ustez, horrek “modu erabakigarrian” esku hartuko bailuke “euskal gizartean eta politikan iraganarekin lotutako etapa bat ixten, biktima guztiak oroituz, bizikidetza demokratikoan ardaztutako orainaldiko eta etorkizuneko denboraldi berri bat eraikitzen”.