Gazte batek bere buruaz beste egin du tutoretzapeko etxe batean Donostian
18 urteko gazte migratzaile bat hilda aurkitu zuten atzo, asteazkenean, Eusko Jaurlaritzaren tutoretzapeko Donostiako etxe batean. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, etxebizitza horretako hezitzaile batek aurkitu zuen gaztearen gorpua bere logelan, eta Jaurlaritzak uste du gazteak bere buruaz beste egin zuela. Suspertzen saiatu ziren, baina ezin izan zuten ezer egin. Abendutik zeraman Donostiako etxean, eta aurretik Zumarragako Ibaiondo zentroan egondakoa zen; adingabea zenean heldu zen Euskal Herrira.
Jaurlaritzaren arabera, gorpua Marokora aberriratzeko izapideak hasi dituzte, han bizi baita gaztearen familia. “Nire babes osoa helarazi nahi diet gure zentroetako talde profesionalei. Hunkituta gaude denok”, adierazi du Beatriz Artolazabal Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak , eta gaineratu du 30 urte baino gehiago daramatzatela gazte eta adingabeekin lan egiten, “egun gogorrenetariko bat” dela gaurkoa.
Aste gogorra izaten ari da Euskal Herrian gazte migratzaileei dagokienez, igandean 21 urteko eritrear baten gorpua aurkitu baitzuten Irunen, Bidasoa ibaiaren ertzean; hark ere bere buruaz beste egin zuen. Era berean, migrantzaileei babesa eskaintzen dien Cimade elkarteak gaur bertan salatu du gizon batek bere ezpainak josi dituela Hendaiako atxikitze zentroan, eta gose eta egarri greba abiatu duela.