Kulturen arteko elkarrizketa Tejerian, artearen bidez
Lamiak eta Lloronak izeneko elkarrizketa egin dute Egiako Tejeria kalean, Ongi Etorri Eskolara elkartearen proiektua. Bertan, artearen bidez margolarien eta kultura ezberdinetako pertsonen arteko elkarrizketak bultzatu dituzte. Kultura bateko artista batek egindako artelan bat beste kultura bateko pertsona batzuek aurkeztu dituzte.
Galtzagorriak
Artelan hau Fawzi Boutaghrassa artistak egin du; bera marokoarra da, eta lau urte eta erdi daramatza Euskal Herrian. Ane Urreztik eta Aintzane Arevalok, Egiako bizilagunek, egin dute obra honen inguruko narrazioa, eta euskal mitologiaren barruan testuinguratu dute artelana, hitzez eta zeinu hizkuntzan.
El Dahu
Andreas Fontana ginebrarrak (Suiza) egin du Arantxa Arratibel margolari donostiarraren lanaren inguruko narrazioa. Fontana Literatura Konparatuan lizentziatu zen Ginebrako Unibertsitatean, eta zinema zuzendaria eta gidoilaria ere bada; bere familiarekin bizi da Donostian. Arratibel hamar urterekin hasi zen Gipuzkoako Artisten Elkartean margotzen, eta 30 urtez pintura irakasle izan da. Egian bizi da eta Karmengo Aman du Arratibel estudioa.
Vampiros
Janire Gonzalez ordiziarrak egin du artelan hau; 22 urte ditu, eta txikitatik gustatzen zaio margoekin aritzea. Artelanaren narrazioa Melania Ticala errumaniarrak egin du; hamalau urte daramatza Ordizian bizitzen.