"Taldeko jendea, jokalariak eta zaleak batera geunden"
1981eko apirilaren 26an, Realak bere lehen Ligako titulua irabazi zuen Zamoraren azken uneko gol bati esker. Juanan Larrañagak (Azpeitia, 1958) partida horren azken minutuak jokatu zituen, eta titulu horren, Realaren eta futbolaren orainaren inguruan hitz egin du IRUTXULOKO HITZArekin. Ostiraleko astekarian osorik irakurri ahal izango da elkarrizketa.
Datorren astelehenean 40 urte egingo ditu Realak lehen Liga irabazi zuenetik. Gijongo Sportingen aurka berdinduta lortu zuten txuri-urdinek Liga, eta Juanan Larrañagak (Azpeitia, 1958) azken hamabi minutuak jokatu zituen: denboraldi horretatik 1994. urtera arte aritu zen Larrañaga lehen taldean. Orain, EITBn esatari gisa ari da, eta herrietako futbol taldeei laguntzen die tarteka.
Hona hemen elkarrizketaren aurrerapena:
Nola oroitzen duzu 1981eko apirilaren 26a?
Halako gauzak, halako uneak, gustura gogoratzen dira beti. Oroitzen dut sekulako poztasun giroa zegoela zelaian, aldagelan eta Gijonera bidaia egin zuten zaleen artean. Taldeko jendea, jokalariak eta zaleak batera geundela, horrela gogoratzen dut.
Aulkian hasi zenuen partida hura. Tentsioa nabari zen?
Tentsio handia zegoen bai, partida nola joan zen ikusita, batez ere. Galtzen ari ginela ikustean, aurreko denboraldiko mamuak etorri zitzaizkigun. Izan ere, nahiz eta ni oraindik lehen taldean ez izan, azken aurreneko jardunaldian Sevillan galdu genuen liga, eta urduritasuna nabari zen.
Hala ere, konfiantza genuen partida aurrera aterako genuela. Ez genuen zertan irabazi behar, gol bakarra falta zen, eta zorionez, iritsi zen.