Zero kilometroko produktuak, Altzako baratzetatik hiriko saltokietara
Donostiako Udalak duela urtebete inguru abiatu zuen Urban Lur proiektua, eta gaur goizean aurkeztu dituzte proiektuak emandako lehenengo fruituak. Urban Lur proiektuak Altzako Auditz Akular eremuan kokatutako 4.000-6.000 metro karratu inguruko sei baratze hartzen ditu bere gain; guztira, 2,7 hektarea. Udalak lursaila bera, ur hornidura, 380 metro karratuko negutegi bat, ibilgailu mekanikoentzako sarbidea, eta nekazaritza arloko aholkularitza teknikoa jarri ditu, eta hiru urterako alokatu dizkiei lursailak erabiltzaileei; hala ere, lehenengo urtean alokairuaren prezioarekiko %100eko hobaria eskuratu dezakete maizterrek.
Baratze profesionalak dira Urban Lurrekoak, eta Marisol Garmendia Sustapen Ekonomikoko zinegotziak nabarmendu du helburu bikoitza duela proiektuak: “Batetik, autoenplegua sustatzea eta, bestetik, merkaturatzera bideratutako baratzako produktuen tokiko ekoizpena areagotzea”. Izan ere, Garmendiak azaldu duenez, Donostian kontsumitzen diren baratzeko produktuen %3,75 soilik ekoizten dira hirian eta horregatik sortu dute proiektua, zero kilometroko produktuen kontsumoa areagotzeko: “Negozio bat den heinean, hasieran zaila da, baina proiektua hasi da bere fruituak ematen, eta baratzetako arduradunak ari dira pixkanaka euren produktuak inguruko saltokietan saltzen”.
Udalak deialdi publiko baten bidez hautatu zituen baratzeak ustiatuko zituzten pertsonak, eta sei baratzetako bost norbanakoen eskuetan daude. Horietako bat da Begoña Julian, Goxo-rrubi baratzearen arduraduna: “Duela urtebete inguru hasi ginen baratzearekin, eta zailtasun batzuk izan baditugu ere, pozik gaude; pixkanaka ari gara bezeroak lortzen inguruko dendetan”. Julian Altzakoa da betidanik, eta nabarmendu du “aukera ona” iruditu zitzaiola Urban Lur proiektua, etxetik gertu zuelako eta aurretik nekazaritzaren munduan esperientzia zuelako. “Marrubiak eta masusta gorriak landatu ditugu, Euskadin ez baita batere ohikoa; tokiko fruitu gorriak ekoizten ari gara. Iaz gehiegi ekoiztu genuen, eta soberan izan genituen produktuekin marmeladak egin ditugu; aurten, ekoizpena egokitzen ari gara”, gaineratu du.
Bost norbanakoez gain, Caritasek hartu du baratzetako baten ardura, gizartean integratzeko arazoak dituzten pertsonei lan aukera okupazional bat eskaintzeko: “Pertsonekin lan egitea garrantzitsua da guretzat, eta, horregatik, aukera ezin hobea da baratzeena: produktua ez da soilik jangarria dena, pertsonen garapena ere bada”, nabarmendu du Xabier Jorrin Caritaseko kideak. Baratzearekin dituzten helburuak hiru direla gaineratu du: “gizarte harrera, integrazioa eta formakuntza”. Hamar pertsona ari dira euren baratzean lan egiten (15entzako lekua dute), eta dagoeneko hasi dira baratzearen lehenengo fruituak etxera eramaten. Izan ere, jarduera okupazionala garatzen ari direnez, ekoizten dutena kontsumo propiorako erabiltzen dute.