Datozen belaunaldiei zor dieguna zain dezagun
Apirilaren 22an Lurraren Eguna ospatzen da mundu osoan. Gertutik mundurako ekintzak aldarrikatzearekin batera, udalari koherentzia eskatzen diogu, gelditzen zaigun berdea artifizializatu gabe kontserbatuz eta Belartza zein Antondegi gisako eremuak babestuz.
Lurraren Eguna ospatu zen mundu mailan atzo, eta Nazio Batuen Erakundeak halako data izendatu bazuen beharra sumatu zuelako izan zen. Planeta gure etxea da, eta ez badugu zaintzen gu geu izango gara bizilekurik gabe geldituko garenak. Iraunkortasuna nekez lortuko da etengabeko hazkundea buruan badaukagu, eta, zoritxarrez, berdez eta jasangarritasunez mozorroturiko garapena da bultzatzen dena. Antropozenoan gaudela diote aditu askok, eta seigarren iraungipen masiboa zuzen-zuzenean bizi dugula inork gutxi jartzen du zalantzan. Krisialdi ekologiko larria dugu aurrean, klima aldaketaren mehatxu erreala edota oraingo pandemia ekarri dizkiguna. Horren aurrean zer? Ildo beretik jarraitzeko asmoa al dugu?
Batek baino gehiagok pentsatuko du orokorra den arazoari aurre egiteko hemendik zer eginik ez dagoela, baina oker daude, globala izanagatik balizko konponbideak tokian-tokiko jardunbidean gakoa baitu, mundu globalizatu honetan den-dena elkar lotuta baitago. Geurean ere, bestalde, ematen da kutsadura, lurzoruaren artifizializazioa eta okupazioa, biodibertsitateren galera eta abar. Gizakiok aniztasun biologiko horren parte izaki, espezieen galera horretan edozein unetan zerrenda gorrian sar gintezke ere bai, hamaika arrazoi tarteko. Honezkero milioika pertsona pairatzen ari da larrialdi klimatikoa, zeinak gerrak, goseteak eta errefuxiatuen mugimendu erraldoiak eragin dituen.
Aldaketa sakonak behar dira
Hemendik hasita aldaketa sakonak sustatu beharko lirateke, eta horiek ez dira etorriko egungo eginbideari eutsiz eta «normaltasuna» berreskuratuz. Pandemiarekin ez badugu ezer ikasi, jai daukagu. Zer gehiago behar dugu, gerra gehiago, izurrite gehiago, gosete handiagoak, errefuxiatu olde etengabe eta geldiezin potoloagoak? Zer da jasangarria? Gure herriak akaso ez al ditu aurretik horiek denak pairatu? Ez dugu ezer ikasi?
Esan bezala, koronabirusak eskaini digu hausnarketarako aukera, baina ez dirudi aprobetxatuko dugunik. Jatorria krisialdi ekologikoan du, habitat naturalen suntsiketan eta biodibertsitatearen galeran alegia, eta globalizazioak pandemia bilakatu du. Hemengo gure erabakiek, gure kontsumitzeko erak esaterako, munduko beste muturrean du eragina. Airera edo itsasora doan gure kutsadura batek daki nora iritsiko den. Ezin dugu pentsatu oihan tropikala edo koralezko arrezifeak kontserbatzeko gauza izango garela etxe ondoko basoa, zuhaitza edo itsas labarra kontserbatzeko gauza ez bagara. Gertutik hasi behar gara eta erronka ez da makala.
Donostia berdea nahi dugu, ez grisa
Hasieran azaldu gisara, Lurraren Eguna gure etxearen zaintza aldarrikatzeko data da, azken batean ingurune naturalak bizilekua eskaintzen baitigu. Hortaz, naturaren suntsiketa, artifizializazioa eta eraldaketa mehatxu zuzenak dira gure biodibertsitatearen beraren galera ekarriz. Eta horregatik guztiagatik hain zuzen ere gelditzen zaigun berdearen kontserbazioan tematu behar gara. Donostiako gerriko berdea bultzatu behar dugu naturaguneak babestuz, dauden korridore berdeak blindatuz eta falta direnak eraikiz.
Haritzalderen aspaldiko aldarrikapena da eta horrela defendatu ditugu Igara-Mendizorrotz-Santa Klara-gertuko itsasoa Europako Natura 2000 Sarean sartzea, Uliako Naturagunea edota Aiako Harria Parke Naturala zabaltzea, baina herrigune inguruko zein barneko berdeguneen kontserbazioa ere bai.
Antondegi egitura berdean zati gako eta bereziki aberatsa da, orain zentzugabeko proiektuek mehatxaturik dagoena. Han, itsasoa kilometro eskasetara ikusten den eremuan, olatu artifizialen faktoria kokatu nahi dute ulertezina den egitasmoan. Ez da inguruko mehatxu bakarra zaharkituta eta arazoz beteriko 27 industrialdea mendi aldera zabaldu nahi baitute. Etengabeko eraso eta ingurune naturalaren okupazio hori behingoz gelditu behar dugu.
Ibaiak ardatz izan behar luke baina eragindako inpaktuak leundu badira ere, oraindik artifizializazioari eta kanalizazioari heldu diote, puntu batzuetan hormatzar bertikalak eraikiz Martutene auzunean bertan egin zen legez, eta orain azpiko zatian egiten ari denez. Ubidea zabaldu, ertzak artifizializatu eta soildu… Hein batean eta pusketaka naturalizatuko dira, baina inpaktua ez da txikia izan. Nahi genuke: Urumea bizi!
Belartza Goikoan industriagunea eraikitzeak ez du, ez hanka eta ez buru, eta hura baztertuz Unanue Landa Parkea garatu eta han txertatu beharko litzateke aipaturiko eremu naturala. Laster bi urte izango dira Auzitegi Nagusiak Belartza Goikoan pilaturiko harriak kentzeko agindu zuenetik, eta oraindik udalak ez du epaia bete, harri bat bera ere handik atera ez delarik. Aukera paregabea du, beraz, epaitegitik agindutakoa betetzen hasteko eta berak deklaraturiko larrialdi klimatikoarekin koherente izateko, ingurune natural gehiago ez okupatuz eta hango industria edo merkataritza proiektuak behin betiko baztertuz, eta landa eremu gisara berriro ere sailkatuz eta babestuz. Gertutik mundura, ama lurra defenda dezagun!