Ospatzeko aukeraren zain daude bazkideak
90 urte bete ditu Antiguako Istingorra elkarteak. Auzoko zaharrena da, eta gaur egun 255 bazkide ditu. COVID-19aren eraginez, denbora darama itxita, eta une zaila bizi dute. Horrela ere, egoera hobetzean auzoari begirako urteurren festa bat egiteko asmoa dute.

Lagunen arteko bazkari batean erabaki zuten elkartea sortzea, eta ofizialki 1931ko otsailaren 23an ireki zuten Antiguako Istingorra elkartea. Ordutik 90 urte bete dira, eta auzoari begirako jarduerak antolatzen egin dute bidea. Tamalez ez dute urteurrena ospatzerik izango, pandemiari aurre egiteko ezarritako neurriengatik. Izan ere, iazko urritik elkarte gastronomiko guztiak itxita daude. «Kalean topatzen ditudan bazkideek galdetzen didate ea noiz elkartuko garen bazkari eder baten bueltan. Goiz edo beranduago egingo dugu. Bizi dugun egoera gainditzean urteurrena behar bezala ospatzeko asmoa dugu», azaldu du Istingorrako presidente Iñaki Orubek.
«Iazko martxoan itxi genuen elkartea, eta ordurako ez genuen ezer prestatua. Bazkideen bazkaria antolatzeko asmoa genuen, eta baita beste ekintza batzuk ere. Koronabirusa iritsi zen, eta asmo guztiak bertan behera geratu ziren», adierazi du Orubek. Une zaila bizi dutela aitortu du, elkarteak langileak eta hornitzaileak dituelako. Are gehiago, uda baino lehen irekitzeko aukera ematen ez badiete beraien egoera azaleratzeko ekintzak egingo dituztela aurreratu du.
Horrela ere, Orubek itxaropenari eusten dio, eta Istingorraren azken urtetako erronkak indartuko dituztela uste du. «Iaz sartu ziren emakumeak bazkide gisa lehen aldiz, eta hiru emakume ditugu batzordean. Oso garrantzitsua da elkartearentzat, eta hainbat bazkidek aspalditik eskatzen genuen zerbait zen. Aurrerapausoa eman ondoren iritsi zen pandemia».
Gastronomia, kultura eta kirola
Istingorra elkartea sortu zen momentu beretik, askotariko jarduerak antolatzen hasi ziren. Gastronomia lehiaketak eta sukaldaritza ekitaldiak egiteaz gain, kultur ikastaroak antolatu zituzten. «Sociedad Cultural Istingorra sortu zuten auzoko haurrei musika irakasteko, besteak beste», azaldu du Orubek. Bestalde, Istingorrako danborrada oso garrantzitsua da bazkideentzat, eta auzoarekin lotura estua duela dio Orubek. «Aurten ez dugu danborrada egiterik izan, baina ziur gaude datorren urtean berreskuratuko dugula». Kirolarekin ere lotura estua izan du hasieratik Antiguako elkarteak. Batez ere, arraunarekin. «Amaika Bat, Esperanza eta Ur Kirolak kirol elkarteekin lotura berezia izan du gure elkarteak».
Istingorra elkartearen beste bereizgarrietako bat da duen izaera solidarioa. «Elikagai bankuekin lan egiten dugu, eta elkartearen historian diru bilketak egin ditugu hainbat elkarterentzat», esan du Orubek. Egoera bere onera itzultzean izaera horri eutsiko diotela azpimarratu du.