Bost ostalari atxilotu ditu Ertzaintzak goizeko protestan, baina aske daude dagoeneko
Gipuzkoako SOS Ostalaritza taldeak euren sektoreak bizi duen egoera salatzeko protesta egin dute gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, eta bost manifestari aldundiko ateetan kateatu dira. Protestan zeuden gainontzeko ostalariek euren kideak babesten zituzten bitartean, Ertzaintza bertaratu da, eta tenaza batzuekin kateak moztu ditu. Ostalariak askatu bezain laster, agenteek eraikin barrura sartu dituzte bost manifestariak, identifikatzeko.
Protestan 30 bat ostalari zeuden, eta ertzainek aldundiko arkupeetatik aterarazi dituzte, bultzaka. Tentsio uneak izan dira manifestarien eta polizien artean, eta ertzainetako batek borra atera du eta ostalariak jotzen hasi da. Ostalariek “langileak gara, ez gaizkileak” eta “ostalaritza aurrera” oihukatuz erantzun dute, eta ertzainei euren jarrera aurpegiratu diete, baita Eusko Jaurlaritzak ostalaritzaren sektorean hartutako neurriak ere. 40 bat minutuz protestan jarraitu dute ostalariek, euren kideak atxilotuta atera dituzten arte. Ertzain autoetan sartu dituzte, eta komisaldegira eraman dituzte. SOS Ostalaritzak hedabide honi jakinarazi dionez, ordea, bost atxilotuak aske utzi dituzte dagoeneko.
Mikel Benito ostalariak adierazpenak egin ditu protestaren ostean, eta salatu du “lotsagarria” izan dela gertatutakoa. Era berean, deitoratu du erakundeen neurriak “saltoki txikien eta ostalaritzaren aurka” doazela beti. Hain zuzen, hedabideei helarazitako prentsa oharrean, ostalariek salatu dute “Urkulluren gobernuak” ostalaritza aurkeztu duela “pandemiaren bilakaeraren erantzule eta errudun gisa; Eusko Jaurlaritza bera laugarren olatu hau saihesteko egindako kudeaketa txarraren erantzule izanik”.
Bestalde, diru-laguntza falta ere salatu dute, eta nabarmendu dute Gipuzkoakoa dela ostalaritzarentzako diru-laguntza gutxien bideratu duen aldundia: ostalarien arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak 100.000 euro bideratu diru ostalaritzako bonoetarako, Arabakoak 300.000 euro eta Bizkaikoak milioi bat euro. “Urkulluren gobernua: non dago urte hasieran agindutako 30 milioiko partida? Maiatzaren 9tik aurrera, zein plan dago aurreikusita gure sektorerako? Erantzunak behar ditugu!”, gaineratu dute. Euren “bizitzak eta lanak” jokoan daudela azpimarratu dute, eta ostalaritzaren sektore osoa antolatzera eta mobilizatzera deitu dute.
Jarraian, protestan grabatutako irudiekin hedabide honek osatutako bideoa: