Zer diote liburu saltzaileek Liburuaren Egunean?
Liburuaren Eguna da gaur, eta pandemia dela eta Gipuzkoa plazako ohiko azoka egingo ez badute ere, liburu saltzaileak ez dira geldirik egongo: askok postuak jarriko dituzte dendetako kanpoaldean, eta ohiko %10eko deskontua egingo dute. Hiriko bost liburu denda txikitako arduradunekin hitz egin dugu, eta liburu batzuk gomendatu dizkigute.
“Lagun artean pasatzeko egun bat da”
Ines Garcia, Tobacco Days liburu denda (Sekundino Esnaola kalea, 7. Gros)
Nola biziko duzu Liburuaren Eguna?
Aurten ez denez ohiko Liburu Azoka egingo, denda bakoitzaren kanpoaldean postu txiki bat jarriko dugu. Nik Pinudi plazan jarriko dut postua. Niretzat, lagun artean pasatzeko egun bat da.
Zergatik kontsumitu behar du jendeak liburu denda txikietan?
Pandemiarekin, gero eta lokal huts gehiago ikusten ari gara, eta pena da. Kontsumo arduratsu bat bultzatzen badugu, gure auzoetako bizitzari mesede egingo diogu.
Etxetik atera gabe bidaiatzeko liburu bat?
Blackie Books argitaletxeak Odisea-ren edizio berri bat atera du, eta uste dut bidaiatzeko ez dagoela hori baino liburu hoberik.
Ilustrazioekin gozatzeko liburu bat?
Maria Medemen Cénit oso ondo dago. Hitz gutxi ditu, eta orrialde bakoitza poster bat dela esan dezakegu.
“Liburuak dendaren kanpoaldera aterako ditugu”
Santi Azurmendi, Donosti liburu denda (Bilbo plaza. Erdialdea)
Nolakoa izango da Liburuaren Eguna?
Urteroko %10eko deskontua egingo dugu, eta liburuak dendaren kanpoaldera aterako ditugu. Lan handiko egun bat izan ohi da, eta aurten ere hala izatea espero dugu. Joan den urtean ezin izan genuen pertsiana igo ere egin, beraz, ziur iazko Liburuaren Eguna baino hobea izango dela.
Zergatik etorri behar du jendeak liburu denda txikietara?
Batez ere, liburu denda independente eta txikiak babesteko. Bakoitzak bere estilo propioa du; bai dekorazioan, baita eskaintzen dituen liburu motetan ere.
Etxetik atera gabe bidaiatzeko zein liburu gomendatuko zenuke?
Maria Belmonteren edozein liburu oso aproposa da horretarako: En tierra de Dionisio argitaratu berri du.
Eta klasiko bat?
Joseph Conraden edozein liburu gomendatuko nuke. Itsas abenturei buruzko liburuak dira, eta niri asko gustatzen zaizkit.
“Gertuko saltoki txikietan erostea inoiz baino garrantzitsuagoa da”
Cristina Martinez, Kaxilda liburu denda (Arroka kalea, 2. Amara)
Zer egingo duzue Liburuaren Egunean?
Liburu saltzaileen gremiotik denden kanpoaldean postuak jartzeko egitasmoa abiarazi dugu, eta guk Easo plazan jarriko dugu. Ez dugu beste urteetan bezainbeste salduko, baina behintzat kalean ikusgarri egon nahi dugu.
Zer esango zenioke jendeari liburu denda txikietan kontsumitzera animatzeko?
Kontsumoak bere alde politikoa du, eta argi dago ez dela gauza bera auzoko liburu denda txikian erostea edo liburu denda handietan erostea. Gainera, halakoak nazioarteko enpresa handiak izaten dira, horrek dakarren guztiarekin. Horregatik, gertuko saltoki txikiak bultzatzea inoiz baino garrantzitsuagoa da krisi garai honetan.
Etxetik atera gabe bidaiatzeko liburu bat gomendatuko zenidake?
Horretarako, literatura izaten da hoberena, eta guk saiakera lantzen dugu gehiago.
Berriki, hausnarketarako aproposa den liburu bat argitaratu duzue, ezta?
Duela pare bat hilabete gure argitaletxe propioaren proiektu xumea abiatu genuen, eta Capitalismo patológico liburua argitaratu genuen.
“Gure auzoak bizi mantendu nahi baditugu, denda txikien alde egin behar dugu”
Ramon Tatiegi, Hontza liburu denda (Okendo kalea, 4. Erdialdea)
Nolakoa izango da Liburuaren Eguna?
Ohi baino jende gutxiago ibiliko da. Ez soilik itxiera perimetrala dela eta, baita Donostiako jendea gutxiago mugitzen ari delako ere. Ez dut uste duela bi edo hiru urte saldu genuena salduko dugunik, baina guk ohiko %10eko deskontua egingo dugu.
Aurten, behintzat, Liburuaren Eguna ospatuko dugu. Norbaiti entzun nion moduan, uste dut iazkoa izan zela gehien irakurri izan den Liburuaren Eguna [barrez]. Denak etxean geundenez, liburuak ez genituen erosiko, baina irakurri bai.
Zergatik kontsumitu liburu denda txikietan?
Beste sektore batzuetan gertatzen ari den moduan, erosteko ohiturak aldatzen ari dira. Horrek dakar gure kaleak hustea, eta dendarik gabeko kaleak oso tristeak dira. Beraz, gure auzoak bizi mantendu nahi baditugu, denda txikien alde egin behar dugu.
Bidaiatzea zaila den garai honetan, zein libururekin bidaiatu dezakegu etxetik atera gabe?
Euskarazko pare bat emango dizkizut. Batetik, aste honetan iritsi berri zaigun Nerea Arrienen Jende likidoa, eta, bestetik, duela hilabete inguru iritsi zitzaigun Mikel Antzaren Arroz urez liburua. Hainbat urtez erbestean eta kartzelan egondako idazle donostiarra da Antza, eta bere bizipenetan oinarritutako liburua argitaratu du.
Bestalde, gaztelaniazko baten bat esatearren, Maria Dueñasen Sira esango dizut. Iritsi berria da, eta uste dut Liburuaren Egunean salduenetako bat izango dela. Era berean, interesgarria da Sara Mesaren Un amor liburua; eleberri txikia da, baina oso goxoa eta ona.
Euskara ikasten ari den norbaitentzako gomendio bat?
Euskara pixka bat jakinez gero, Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan oso aproposa da. Ibrahima Balde Irunera heldu zen mutil senegaldar gazte bat da, eta bere bidaia kontatuz osatu dute liburua. Gordina baina goxoa da.
“Ondo dakigu pertsona mota bakoitzari zein liburu gustatu ahal zaion”
Isabel Ubiria, Ubi liburu denda (Arrasate kalea, 48. Erdialdea)
Zer egingo duzu Liburuaren Egunean?
Liburu gehiago jartzen ditugu salgai, eta gainontzekoek egiten duten moduan, %10eko deskontua egiten dugu. Normalean, jende asko erosteko gogoz etorri ohi da, baina aurten, pandemiarekin, ez dakit horrenbesteko mugimendua egongo den.
Aurten, soilik Donostiako bezeroak etorri ahalko dira. Nire kasuan, bezero gehienak donostiarrak dira, baina baditut beste herrietakoak ere: Debako bezero batek, esaterako, deitu dit esanez bere senide bat pasako dela berarentzako liburu baten bila.
Zein da liburu denda txikien bereizgarria?
Daukagun berezitasun nagusia da salgai ditugun liburu gehienak irakurri ditugula, eta, beraz, ondo dakigu pertsona mota bakoitzari zein liburu gustatu ahal zaion. Horregatik, bezeroekin daukagun tratua gertukoagoa da, eta gomendio onak egin ditzakegu.
Zein liburu gomendatuko zenioke etxetik atera gabe bidaiatu nahi duen norbaiti?
Polizia nobelak eta abentura nobelak aproposak dira horretarako, eta halako asko ditugu. Besteak beste, Jose Calvo Poyatoren La travesía final, Eduardo Mendozaren Transbordo en Moscú eta Rosa Ribasen Los buenos hijos. Bestalde, Ibon Martin donostiarraren liburuak ere oso ondo saltzen dira. Horiek mutilen saltzen dira bereziki ondo. Nesken artean, aldiz, Maria Dueñasen Sira ari da bereziki ondo saltzen.
Haurrentzako gomendio bat?
Haurrei asko gustatzen zaizkie Ibon Martinen Oninen abenturak sagako liburuak. Bestalde, gaztelaniazko bat esateagatik, Diario de Greg bildumakoak ere asko gustatzen zaizkie. Etxeko txikiak gero eta gehiago irakurtzen ari dira.